Itxi

Zinema

Hollywood

Johnny Depp, 2015ean errentagarritasun txikiena eman duen aktorea

Agentziak | Erredakzioa

“Forbes” aldizkariak aktore protagonisten soldataren eta pelikulen errentagarritasunaren arteko oreka ikertu du. Errentagarriena Chris Evans izan da.

  • Adam Sandlerren lekukoa hartu du Deppek zerrendan

    Adam Sandlerren lekukoa hartu du Deppek zerrendan

Johnny Deep izan da, 2015ean, kobratu duen soldatarako diru gutxien eragin duen Hollywoodeko aktorea, “Forbes” aldizkariak atzo argitaratu zuen ikerketaren arabera. Filmetako protagonisten soldatak eta pelikulen irabaziak erkatu dituzte aldizkariko kazetariek, zerrenda egiteko.

Horrela, Deppen pelikulek 1,1 euroko irabaziak eragin dituzte aurten, “Pirates of the Caribbean”eko izarrak jaso zuen dolar bakoitzeko (0,9 euro), beste inork baino nabarmen gutxiago.

Aurreko bi urteetan, Adam Sandler izan da zerrendako burua, baina, Netflixekin lortu duen akordioa dela eta, ez dute 2015eko zerrendan sartu.

Deppek hartu du lekukoa sailkapenaren buruan, besteak beste, “Mortdecai” (43,1 milioi euro bildu zituen, 55eko aurrekontuarekin) eta “Transcendence” filmen erruz. Azken horrek 91 milioi bildu zituen zinema aretoetan, egitea kostatu zen bezainbeste gutxi gorabehera.

Denzel Washingtonek izan du Deppi zerrendan orpoz orpo laguntzeko “ohorea”: 5,9 euro egin dituzte bere pelikulak, aktoreak irabazitako euro bakoitzeko.

Haien atzetik, Will Ferrel (6,2 euroko irabaziak, jasotako euro bakoitzeko), Liam Neeson (6,6 euro, euro bakoitzeko) eta Will Smith (7,9 euro) daude.

Zerrendan, Christian Bale (8,4 euroko irabaziak, jasotako euro bakoitzeko), Channing Tatum (9,9 euro), Brad Pitt (11 euro), Ben Affleck (11,3 euro) eta Tom Cruise (12,4 euro) ere badaude.

Errentagarriena, Chris Evans

Aitzitik, “Forbes” aldizkariaren ikerketaren arabera, Chris Evans (“Captain America”) izan da urteko aktorerik errentagarriena; izan ere, haren pelikulek 167 euroko irabaziak utzi dituzte, berak jasotako euro bakoitzeko.

Aktore bakoitzak 2015eko uztaila baino lehen egindako azken hiru filmak hartu ditu kontuan aldizkariak zerrenda egiteko orduan, animaziozko filmak eta 2.000 aretotan baino gutxiagotan erakutsitako lanak kanpoan utzita.