Itxi

Zinema

2010eko Oscar sariak

Kathryn Bigelowek historia egin du Oscarretan 'Artezilariak'ekin

Erredakzioa

Oscar Sariei buruzko informazio guztia, gurean ikusgai. Zuzendari Onenaren Oscar Saria irabazi duen lehen emakumezkoa da. Bere obrak sei golardo irabazi ditu guztira, tartean Film Onenarena ere.

Kathryn Bigelow zinemagileak historia egin du gaur 2010eko Oscarretan, Zuzendari Onenaren saria irabazi duen lehen emakumezkoa izan baita, Artezilariak (The Hurt Locker) filmarekin.

Bere obrak sei golardo irabazi ditu orotara (9 izendapen zituen), tartean Film Onenarena, eta guztiz ilundu du Avatar historia osoan zinema-aretoetan diru gehien bildu duen lanaren gaua. Izan ere, James Cameronen filmak 9 izendapen zituen, eta azkenean hiru sari baino ez ditu lortu, denak teknikoak, gainera. Davidek irabazi, Goliatek galdu. Zinema independenteak irabazi, zinema komertzialak galdu. Eta are gehiago, Bigelowek irabazi, James Cameron haren senar ohiak galdu.

Hain zuzen ere, Bigelowen pelikulak Film, Zuzendari, Editatze, Jatorrizko Gidoi, Soinu-editatze eta Soinu-nahaste onenen Oscar sariak irabazi ditu.

Bere aldetik, Avatar Zuzendaritza artistikoaren, ikusizko efektuen eta argazkilaritzaren kategorietan baino ez da izan garaile.

Sandra Bullock (Alde Itsua) Emakumezko Aktore onena izan da, aurten aktore txarrenaren Razzie saria ere irabazi badu ere. Hori bai, beste pelikula batekin izan da, All About Steve, hain zuzen ere. Gizonezkoen atalean Jeff Bridges (Crazy Heart) izan da garaile. Bosgarren izendapenean etorri zaio golardoa.

Antzeztaldeko emakumezko aktore onena Mo''nique izan da, Precious lanean egindako paperarekin. Urrezko Globoetan, Sundance Jaialdian, BAFTA britainiarretan eta Satellite Awards sarietan ere irabazle izan zen, eta hortaz, haren garaipena ez da ezustekoa izan. Penelope Cruz espainiarra (Bederatzi), beraz, esku hutsik joan da ekitalditik.

Christoph Waltz (Sasikume Madarikatuak) ere faborito zen Antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren sailean, eta ez du huts egin.

Beste sari batzuk

Precious filmak gidoi egokitu onenaren saria eskuratu du, eta Up-ek animazio film onenarena. Pixarren lana pelikula onenen sailean ere zen lehiakide, horrenbestez, argi zegoen golardo honetaz jabetuko zela.

Espainiako ordezkaritza

Begien sekretua ekoizpen argentinar-espainiarra ingelesez egina ez den film onena izan da. Quentin Tarantinok eta Pedro Almodovarrek eman diote saria Juan Jose Campanella zuzendariari.

Dama eta Herioa Javier Recio Graciaren film laburrak ere ez du zortea izan, eta Logorama Nicolas Schmerkin zinemagilaren lana izan da garaile sekzio horretan.

Ekitaldiko aurkezleak Alec Baldwin eta Steve Martin izan dira. Galaluze-luzearen une dibertigarriena Ben Stillerren eskutik etorri da, Avatar filmeko pertsonaiaz mozorrotuta agertu baita.