Zinema
Sariak
Oscarretarako lasterketan, bultzadaren bila
Agentziak | Erredakzioa
Igandean, Urrezko Globoak banatuko dituzte, faborito argirik ez dagoela. Bestalde, “The Revenant” Alejandro Gonzalez Iñarrituren filmak zortzi izendapen jaso ditu Bafta britainiar sarietarako.
-
Leonardo DiCapriok "The Revenant" filmean eginiko lanari harrera ona egin diote Oscarren atarian
Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagilea Bafta sarien protagonista izango da aurten ere, iaz "Birdman"ekin izan zen bezala. Zortzi izendapen jaso ditu “The Revenant” hartz batek zauritutako ehiztariaren mendeku nahia kontatzen duen haren lanak Londresen otsailaren 14an banatuko dituzten sarietarako.
Michael Punkeren eleberri batean oinarritutako lanak baino izendapen bana gehiago jaso dituzte, halere, “Carol” eta “Bridge of Spies” pelikulek, Zinema eta Telebista Arteen Britainiar Akademiak gaur zabaldu duen zerrendak erakusten duenez.
“The Revenant” Leonardo DiCaprio aktore nagusi duen lana film onenaren, aktore onenaren eta zuzendari onenaren ataletan lehiatuko da; azken horretan, Gonzalez Iñarrituren aurkariak Adam McKay (“The Big Short”), Ridley Scott (“The Martian”), Todd Haynes (“Carol”) eta Steven Spielberg (“Bridge of Spies”) izango dira.
Britainiar zinemaren jaian, Iñarrituren berrienak ez ezik, beste bi lanek ere bereganatu dute denon arreta: “Carol” AEBn 50eko hamarkadan bi emakumek izan zuten maitasun harremana kontatzen duen pelikula, zeinetan Cate Blanchetten lana nabarmentzen omen den, eta “Bridge of Spies”, Gerra Hotzaren garaian kokatuta Washingtonen eta Moskuren arteko espia trukaketa bat pantailaratzen duen pelikula.
Eddie Redmayne “The Theory of Everything”ekin iaz Bafta sarietan eta Oscarretan arrakasta handia lortu zuen aktoreak emaitza errepikatu nahi du aurten, “The Danish Girl” filmean Lili Elbe danimarkar pintore transexualaren larruan sartzeko egindako lanaren bidez. Bost izendapen jaso ditu guztira pelikula horrek.
Gizonezko aktore onenaren Bafta sarirako gainerako hautagaiak Bryan Cranston (“Trumbo”), Leonardo DiCaprio (“The Revenant”), Matt Damon (“The Martian”) eta Michael Fassbender (“Steve Jobs”) dira.
Emakumezko aktoreei dagokienez, izendatuak Alicia Vikander (“The Danish Girl”), Brie Larson (“Room” gatibu egondako ama-seme batzuen istorioa), Cate Blanchett (“Carol”), Maggie Smith (“The Lady in the Van”) eta Saoirse Ronan (“Brooklyn”) dira.
Urrezko Globoak
Urrezko Globoetarako, Hollywoodeko atzerritar kazetariek ebazten dituzten sarietarako, denetariko izendapenak egon dira, eta ez dago faborito argirik. Igandean, hilak 10, argituko dira zalantza guztiak.
“Spootlight” da faborito nagusia drama onenaren atalean; “The Boston Globe” egunkariak Eliza Katolikoko hainbat apaizek ustez eginiko sexu gehiegikeriak argitzeko eginiko ikerketa du kontagai film horrek. Komediaren arloan, “The Big Short” Wall Streeteko munduan kokatutako filmak irabaztea da litekeena, kritikarien ustez.