Itxi

Zinema

Barandiaranen ipuina

Paul Urkijok zinemara eramango du 'Patxi errementaria' ipuina

Natxo Velez | eitb.eus

Jose Migel Barandiaranek 1903an jasotako ipuin mitologikoan oinarritutako filma egingo du zuzendari arabarrak. Aurre-ekoizpen prozesuan daude, eta azaroan hasiko dira filmatzen.

  • Azaroan filmatzen hasi nahi duten filmaren irudi kontzpetual bat

    Azaroan filmatzen hasi nahi duten filmaren aurrerapen irudi kontzpetual bat

Paul Urkijo zuzendari eta gidoilariak "Patxi errementaria" Jose Migel Barandiaranek 1903an jasotako ipuin mitologikoa pantaila handira eramango du, Kinoskopik euskal zinema ekoiztetxearekin batera. Euskal zuzendariaren lehen film luzea izango da, eta euskaraz filmatuko dute, Euskal Herrian, irudi errealak erabiliz eta efektu digitaletara ahalik eta gutxien jota.

Urkijok azaldu duenez, “errementari zital bati buruzko baserri giroko ipuin bat da; gizona hain da gaiztoa, deabruak ere haren beldur dira. Txikitan nire ipuin gogokoena zen, eta betidanik nahi izan dut berarekin pelikula bat egin”.

Zuzendari gasteiztarraren aurreko film laburrek 85 sari irabazi dituzte dagoeneko Estatu mailako eta nazioarteko lehiaketetan, eta lau urte daramatza proiektuan lanean. Kinoskopik ekoiztetxearen arabera, mitologiaren eta kondairen zale sutsua izanik, Urkijoren lanak genero fantastikoaren barruan sailkatzen dira, “betiere ukitu pertsonal bat dutela, umorea, beldurra, abentura eta gizarte kritika ere jorratuta”.

“Errementari” proiektuko lantaldeak pelikularen aurre-ekoizpen lanetan dihardu, eta azaroan ekingo diete filmatze lanei, Euskal Herrian bertan. Betiere zuhurtzia gordez, proiektua aurrera aterako den uste osoa dute.