Itxi

Zinema

Laguntzeko deia

Ibaiak 'kolokan' ikusten du euskarazko zinema produkzioaren etorkizuna

eitb.eus

ICAA Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Institutuak hartutako azken neurriek “arriskuan jartzen dute zinema sektorearen etorkizuna”, Ibaia elkartearen aburuz.

1:14

Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak, sektorearen % 80 inguru hartzen duen taldeak, Eusko Jaurlaritzaren babesa eskatu du “Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak sortutako arrisku egoeraren aurrean”.

Elkarteko ordezkarien esanetan, erakunde publikoek ikus-entzunezko enpresei ematen dizkieten laguntzak jaso ahal izateko baldintzak aldatuta, enpreson artean “ziurtasunik eza” zabaldu da, eta euskarazko filmen produkzioaren arloan bereziki zaildu da egoera.

Azken urteetan euskal enpresek filmak sustatzeko ETBrekin sinatutako kontratuak berraztertu ditu ICAAk, irizpide berri batzuk aplikatuta, eta Euskal Telebistak hainbat urtez enpresa horiekin sinaturiko akordioak bertan behera utzi nahi ditu orain Ministerioak. Horrek “kinka larrian” jarriko lituzke 20 pelikula, Ibaiak gaur prentsaurrekoan salatu duenez, nola egindakoak hala ekoizpen prozesuan daudenak.

Euskarazko filmen kasuan, are larriagotzat jo du egoera Ibaiak; izan ere. Estatuko hizkuntza koofizialetan eginiko film eta bestelako ikus-entzunezkoak sustatzen dituen Funts Autonomikoa bertan behera utzi dute, eta, ondorioz, diru-iturri hori agortu egin da euskarazko lanen ekoizleentzat.

Halaber, obra “zailentzako” laguntza publikoetan gehiengo bat ezarri du espainiar erakundeak, aurrekontuaren % 60, nahiz eta Europak ez duen halako mugarik jartzen. Euskarazko filmen kalterako izango da erabaki hori ere, merkatuan isla oso handirik ez duten pelikulentzako laguntza horiek ere jasotzen baitzituzten orain arte.

Bestalde, ICAAk baldintza berberak ezartzen dizkie orain euskaraz eta beste hizkuntzetan eginiko filmei.

Neurri horiek “oztopo gaindiezina” izan litezke, Ibaiaren aburuz, filmak finantzatzeko, eta, horren aurrean, enpresek ETBrekin sinatutako kontratuak aintzat hartzea eta orain arteko irizpideei eustea eskatu dio elkarteak ICAAri.

Murrizketa hauek guztiek % 25 eta % 40 arteko jaitsiera eragingo lukete diru-laguntzetan.