Itxi

Zinema

Formakuntza

Zinelekuk 40 gazte prestatuko ditu, Zarautzen

Agentziak | Erredakzioa

Kepa Sojo, Jose Mari Goenaga eta Maider Oleaga arituko dira irakasle, besteak beste. Gainera, programazio doako eta irekia eskainiko dute, abuztuaren 1era arte.

  • "Nola?" Fermin Muguruzaren dokumentala ikusi ahalko da, besteak beste

    "Nola?" Fermin Muguruzaren dokumentala ikusi ahalko da, besteak beste

Zineleku Araba, Gipuzkoa eta Iparraldeko 18 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikus-entzunezko formakuntza tailerrak egingo dituzte uztailaren 23tik abuztuaren 1era, Zarautzen, eta 40 gaztek Jose Mari Goenaga, Javier Corcuera, Maider Oleaga, Kepa Sojo, Idoia Zabaleta eta Fermin Muguruza irakasleekin aritzeko aukera izango dute, besteak beste, bertan.

Kalaka Lab kolektiboak eta Arabako eta Gipuzkoako aldundiek antolaturiko egitasmoan, "formakuntza paregabea" jasoko dute 40 parte-hartzaileek, antolatzaileen hitzetan. Helburua dantza, musika, literatura, kudeaketa kulturala eta beste zenbait diziplina artistiko uztartuz zinemaren definizioa zabaltzea da.

Plaza libreak daude oraindik, eta ekimenaren webgunean eman daiteke izena, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Formakuntza eskaintzaz gain, Zinelekuk programazio doako eta jendeari zabaldutakoa prestatu du, eta iluntzero eskainiko du, uztailaren 23tik abuztuaren 1era bitartean, Zarautzen.

Egunero, aire librean dohainik egingo diren proiekzioekin amaituko da jardunaldia, Malekoian. Ikusgai izango diren filmen artean "John From" portugaldarra, "Loreak" euskal filma, "Sigo siendo" perutarra, "Ayotzinapa 26" mexikarra eta "Nola?" Fermin Muguruzaren dokumental musikala egongo dira.