Itxi

Zinema

Asteko estreinaldiak

'Legion' eta 'Rabia' filmak nagusi karteleran

Erredakzioa

'Familystrip', 'Street Dance 3D' eta 'The Crazies' lanak ere baditugu aste honetako estreinaldien artean.

Espainiako bi film estreinatuko dira aste honetan gure zine aretoetan: gerra zibilaren inguruko Familystrip dokumentala, eta inmigrazioaren lantzen duen Rabia drama psikologikoa. Beste proposamen batzuk ere izango dira ikusgai ostiraletik aurrera, tartean hiru dimentsiotan egindako Street Dance 3D: ¡a bailar! musikala eta The crazies eta Legion beldurrezko filmak.

Paul Bettany aktorearen eskutik San Gabriel arkanjelua izango dugu Legion filmean protagonista nagusi. Scott Stewart zinemagileak zuzenduta, akzioa eta mitologia uztartzen ditu. Dennis Quaid aktorea ere arituko da bertan.

Concha Velasco, Gustavo Sanchez Parra eta Martina Garcia dira Rabia filmean protagonistak. Sergio Bizzio idazlearen izen bereko eleberrian oinarritzen da drama psikologiko hau. Sebastian Corderok zuzendu du, eta Guillermo del Toro aritu da ekoizpenean. Tokiko Nazioarteko Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen, eta Malagako Zinemaldian Urrezko Biznaga.

Lluis Miñarro espainiarrak memoria historikoari buruzko Familystrip dokumentala zuzendu du. Gerra Zibiletik bizirik dirauten bi lagunekin bidaia egingo dugu, frankismoaren urteetatik XXI. mendeko hasierako urteetara.

Charlotte Rampling aktore britainiarra (Caotica Ana edo Babylon) da protagonista nagusia Street Dance 3D: ¡A bailar! filmean. Max Giwak zuzenduta, hiru dimentsiotan egindako lehen dantza filma da hau. Desira eta ametsen indarra bezalako kontzeptuak lantzen dira bertan.

George A. Romerok 1973 filmatutako The crazies lanaren bertsio berri bat egin du Breck Eisner zinemagileak. Oraingoan ere ur jarioan isuritako toxina misteriotsuaren inguruan arituko da lana. Toxina horren eraginez, eskrupulurik gabeko hiltzaile bihurtu daiteke edonor. Timothy Olyphant, Radha Mitchell, Joe Anderson eta Danielle Panabaker aurkituko ditugu beldurrezko zinta honetan.