Zinema
Azaroaren 25ean
Zinebik Bahman Ghobadi zinemagileari emango dio Ohorezko Mikeldia
N.V. | eitb.eus
Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko jaialdiak zuzendari kurduari emango dio saria, “bere herriko askatasunen aldeko borrokarekin konpromisoa erakutsi duen lanaren dimentsio artistikoa dela eta”.
-
Azaroaren 25ean emango diote saria kurduari, Arriagan
Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Bahman Ghobadi zinemagile kurduari emango dio 58. edizioko bigarren Ohorezko Mikeldia, “zineman egin duen lanaren dimentsio artistiko garrantzitsua, bere herrialdeko askatasunen aldeko borrokan erakutsitako konpromisoa eta herri kurduaren gizarteari eta kulturari buruzko testigantza bikaina” aitortzeko. Saria emateko ekitaldia azaroaren 25ean izango da, Zinebiren edizio honi azkena emango dion galan, 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian.
Iranen agintean dagoen Kurdistango Bané herrian jaio zen, 1969an, Bahman Ghobadi zinema gidoilari, zuzendari eta ekoizlea. 1991tik hogei bat film labur eta ertain filmatu ostean, 1998an zuzendari laguntzaile gisa aritu zen Haizeak eramango gaitu (Bad ma ra khahad bord) Abbas Kiarostamiren lanean. 2000. urtean Irango zinemaren historiako lehenengo film luzea aurkeztu zuen Cannesen, Zaldi mozkorrentzako garaia (Zamani barayé masti asbha, 2000), eta Urrezko Kamera (Cannesko jaialdian aurkeztutako lehen lan onenari ematen dioten saria) eta nazioarteko kritikaren FIPRESCI saria lortu zituen bertan.
Gero eta kontzientzia politiko maila handiagoarekin, Bahman Ghobadik Kurdistango kulturari eta gizarteari buruzko arreta pizteko erabili zuen bere zinema, Panderoa (Daf, 2003) film laburrean, esaterako.
Hala ere, haren filmek mundu osoko jaialdi garrantzitsuetan txaloak eta sariak jasotzen dituzten arren –Dordokek ere egiten dute hegaz (Lakposhtha ham parvaz mikonand, 2004) tragediak Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen–, ia ez dira Irango sare komertzialean banatzen, Irango Erregimenak atsegin ez dituen errealitateak erakusten baitituzte, Donostian bigarren Urrezko Maskorra lortu zuen Ilargi Erdia (Niwemang, 2006) lanarekin gertatu zen bezala.
Haren egoerak txarrera egin zuen Inork ez daki ezer katu pertsiarrei buruz (Kasi az gorbehaye irani khabar nadareh, 2009) egin ostean. Mahmud Ahmadineyad berriro aukeratu zuten urte gorabeheratsu hartan, Poliziak atxilotu egin zuen Bahman Ghobadi Cannesko Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso ondoren itzuli zenean. Sari hark eman zion aukeraz baliatuz, gogor kritikatu zuen Irango Gobernua, oposizioko mugimenduen kontra egiten ari zen errepresioagatik. Adierazpen haien ondorioz, hainbat egun igaro zituen atxilotuta.
Mahmud Ahmadineyaden gobernuaren jazarpenaren aurrean, erbestera joatea erabaki zuen Ghobadik.
Jaime Chavarri
Aurtengo beste Ohorezko Mikeldia Jaime Chavarri madrildar zuzendari, gidoilari, antzezle eta zinema kritikariari emango diote, azaroaren 18an, jaialdia hasiko den egunean.