Publizitatea
Itxi

2016/12/12

16:39

Zinema

Urrezko Globoak

'La La Land'ek beste inork baino izendapen gehiago, Urrezko Globoetan

Efe

Protagonista nagusi Emma Stone eta Ryan Gosling dituen musikala Hollywoodeko atzerritar kazetarien sarien 74. edizioko faborito nagusia da. Urtarrilaren 8an emango dituzte sariok.

  • Emma Stone eta Ryan Gosling dira "La La Land" musikaleko protagonistak. Argazkia: Dale Robinette.

    Emma Stone eta Ryan Gosling dira "La La Land" musikaleko protagonistak. Argazkia: Dale Robinette.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

“La La Land” filmaren magiak Hollywoodeko Atzerritar Prentsaren Elkarteko kideak limurtu ditu, eta Emma Stone eta Ryan Gosling protagonista dituen musikalak zazpi izendapen jaso ditu guztira Urrezko Globoen 74. ediziorako.

Damien Chazellek (“Whiplash”) zuzendutako pelikulak Mia aktore izan nahi duen emakume gaztearen (Emma Stone) eta Sebastian jazz musikariaren (Ryan Gosling) arteko harremana kontatzen du. Los Angelesen elkar ezagutuko dute, eta ametsak bete eta atsekabeei aurre egin beharko diete bertan.

Urtarrilaren 8an Jimmy Fallonen gidaritzapean banatuko dituzten sariak eramateko aukera asko dituzten beste film batzuk “Moonlight” (sei izendapen) eta “Manchester by the sea” (bost) dira.

“Florence Foster Jenkins” eta “Lion” filmek lau izendapen jaso dituzte, eta “Hacksaw Ridge”k, “Hell or High Water”ek eta “Nocturnal animals”ek hiru.

Film dramatiko onenaren atalean, “Hacksaw Ridge”, “Hell or High Water”, “Lion”, “Manchester by the sea” eta “Moonlight” lehiatuko dira, eta komedia edo musikal onenaren sailean, berriz, “La La Land”, “Deadpool”, "20th Century Women", "Sing Street" eta "Florence Foster Jenkins".

Emakumezko aktore onenen sarietarako izendatuei dagokienez, dramaren arloan Amy Adams ("Arrival"), Jessica Chastain ("Miss Sloane"), Isabelle Huppert ("Elle"), Ruth Negga ("Loving") eta Natalie Portman ("Jackie") aukeratu dituzte, eta, komedia eta musikalen atalean, Annette Bening ("20th Century Women"), Lily Collins ("Rules Don't Apply"), Hailee Steinfeld ("The Edge of Seventeen"), Emma Stone ("La La Land") eta Meryl Streep ("Florence Foster Jenkins").

Gizonezkoei dagokienez, berriz, dramaren arloan Casey Affleck ("Manchester by the sea"), Joel Edgerton ("Loving"), Andrew Garfield ("Hacksaw Ridge"), Viggo Mortensen ("Captain Fantastic") eta Denzel Washington ("Fences") lehiatuko dira, eta komedia edo musikaletan Colin Farrell ("The lobster"), Ryan Gosling ("La La Land"), Hugh Grant ("Florence Foster Jenkins"), Jonah Hill ("War Dogs") eta Ryan Reynolds ("Deadpool").

Zuzendari onena bost hauen arteko bat izango da: Mel Gibson (“Hacksaw Ridge”), Tom Ford (“Nocturnal animals”), Barry Jenkins ("Moonlight"), Kenneth Lonergan ("Manchester by the sea") eta Chazelle bera.

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;