Itxi

Zinema

Urrezko Globoak

'La La Land' filmak zazpi sari irabazi ditu Urrezko Globoetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sarien historian sari gehien jaso dituen lana da, eta, besteak beste, komedia edo musikal onenaren, zuzendari onenaren, emakumezko aktore onenaren eta gizonezko aktore onenaren sariak jaso ditu.

1:32

La La Land musikalak zazpi sari banatu ditu goizaldean banatu diren Urrezko Globoetan, eta sarien historian golardo gehien jaso dituen pelikula da. Urrezko Globoen 74. ediziorako zazpi izendapen jaso zituen, eta zazpi sariak lortu ditu.

Filmak sari hauek eskuratu ditu: komedia edo musikal onenarena, zuzendari onenarena (Damien Chazelle), gizonezko aktore onenarena (Ryan Gosling), emakumezko aktore onenarena (Emma Stone), gidoi onenarena (Chazelle), jatorrizko abesti onenarena ("City of Stars") eta soinu banda onenarena (Justin Hurwitz).

Historian sari gehien jaso dituen pelikula da, 1975ean Alguien voló sobre el nido del cuco filmak lortutakoak (6) baino bat gehiago eskuratu baititu.

Damien Chazellek (Whiplash) zuzendutako pelikulak Mia (Emma Stone) aktore izan nahi duen emakume gaztearen eta Sebastian (Ryan Gosling) jazz musikariaren arteko harremana kontatzen du. Los Angelesen elkar ezagutuko dute, eta ametsak bete eta atsekabeei aurre egin beharko diete bertan.

Gainera, Casey Affleck (Manchester frente al mar) aktoreak irabazi du drama alorreko gizonezko aktore onenaren saria, Denzel Washington (Fences), Andrew Garfield (Hasta el último hombre), Joel Edgerton (Loving) eta Viggo Mortensen (Capitán Fantastic) aktoreei aurrea hartuz.

Drama alorreko emakumezko aktore onenaren saria Isabelle Huppert (Elle) aktore frantziarrarentzat izan da. Amy Adams (La llegada), Jessica Chastain (Miss Sloane), Natalie Portman (Jackie) eta Ruth Negga (Loving) zeuden harekin batera hautagaien artean.

Elle filmak irabazi du atzerriko film onenaren saria, Divines (Frantzia), El Viajante (Frantzia eta Iran), Toni Erdmann (Alemania) eta Neruda (Txile) garaituta.

Drama alorrean, Barry Jenkins zuzendariaren Moonlight filma izan da garaile, eta Hasta el último hombre, Comanchería, Lion eta Manchester frente al mar lanei hartu die aurrea.

Antzeztaldeko aktore onenaren sailean, Aaron Taylor-Johnson nagusitu da, Animales Nocturnos pelikulan egindako lanagatik. Halaber, eta bost izendapen jaso ondoren, Viola Davisek (Fences) lortu du antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria.

Bestalde, Zootropolis filmarentzat izan da animaziozko film onenaren saria.

Bestalde, Meryl Streep izan da gaueko beste protagonistetako bat. Bere ibilbidea aitortzeko saria jasotzerakoan, Donald Trump AEBko presidente hautetsia kritikatu du.

MERYL STREEP GLOBOS DE ORO 2017 EFE

Meryl Streep. Argazkia: EFE

Telebista alorreko irabazleen zerrenda

Drama onenaren saria: "The Crown".

Komedia edo musikal onenaren saria: "Atlanta".

Miniserie onenaren saria: "El pueblo contra O.J. Simpson: American Crime Story".

Drama alorreko gizonezko aktore onenaren saria: Billy Bob Thornton ("Goliath").

Drama alorreko emakumezko aktore onenaren saria: Claire Foy ("The Crown").

Komedia edo musikalen alorreko emakumezko aktore onenaren saria: Tracee Ellis Ross ("Black-ish").

Komedia edo musikalen alorreko gizonezko aktore onenaren saria: Donald Glover ("Atlanta").

Miniserie alorreko emakumezko aktore onenaren saria: Sarah Paulson ("El pueblo contra O.J. Simpson: American Crime Story).

Miniserie alorreko gizonezko aktore onenaren saria: Tom Hiddleston ("El infiltrado")

Antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren saria: Hugh Laurie ("El infiltrado")

Antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria: Olivia Colman (El infiltrado").