Itxi

Zinema

20. edizioa

Kimuak 2017 katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak aukeratu dituzte

N.V. | eitb.eus

Bildumak fikzioa, dokumentala eta animazioa jasotzen ditu; bi film euskara hutsezkoak dira, hiru gaztelaniazkoak, bat portugesez dago eta besteak ez du elkarrizketarik.

Kimuak programaren 20. edizioan banatuko diren zazpi film laburrak aukeratu ditu epaimahaiak, 51 proposamenen artean. Hauek izango dira: 'Ab Alio' (Iñigo Royo eta Iñigo Fernandez Ostolaza), 'Aprieta pero raramente ahoga' (David P. Sañudo), 'Areka' (Atxur Animazio Taldea), 'Euritan' (Arantza Santesteban eta Irati Gorostidi), 'For the good times' (Andres Daniel Sainz), 'La fiebre del oro' (Raúl de la Fuente) eta 'Plágan' (Koldo Almandoz).

Aukeraketaren arduradunak epaimahaia osatu duten kideak izan dira, Edurne Ormazabal EiTBko zuzendari komertziala, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendaria, Tim Redford Film Laburren Clermont-Ferrandeko Nazioarteko Jaialdiaren nazioarteko koordinatzailea, Amaia Revuelta Donostia Kulturako Zinema arloko teknikaria eta Millan Vazquez-Ortiz Freak agentziaren zuzendari nagusia.

Ab alio Iñigo Royo eta Iñigo Fernandez Ostolaza zuzendariek elkarrekin egindako fikzioa da, Ignasi Aballíren Listados collagean oinarrituta dago eta maitasuna, heriotza eta euliak ditu ardatz. Iñigo Royo donostiarrak Requiem eta Inventario film laburrekin hartu zuen parte Kimuaken lehen edizioetan, eta lehenengoz egin du lan film honetan Iñigo Fernandez Ostolaza komunikazio eta publizitate adituarekin.

David Perez Sañudo zuzendari bilbotarrak eta Gasteizko Amania Films etxeak sinatzen dute Aprieta pero raramente ahoga terrorearen eta komedia beltzaren artean mugitzen den lana. Danielek (Adam Jezierski) Sigfried txakurraren zaindari izateko lan elkarrizketa izango du Cosme (Fernando Albizu) jabearekin.

David Perez Sañudok Zuzendaritza masterra ikasi du ESCACen, eta egun doktoretza egiten ari da Madrilgo Konplutentsean eta Euskal Herriko Unibertsitatean. Indirizzo haren opera prima-k hainbat sari lortu zituen, eta, ordutik, Malas vibraciones eta Artificial egin ditu, besteak beste.

‘Areka’ Begoña Vicariok koordinatutako proiektua Beti bezperako koplak (2016) bezalatsu sortu da, haren lantande ia osoa errepikatuta. Animazio ikasle, ikasle ohi eta irakasleak batzen ditu, eta Andoni Egañak Gerra Zibilean desagerrarazitakoen oroimenez botatako bertso batean oinarritzen da.

Euritan Irati Gorostidik eta Arantza Santestebanek elkarrekin zuzendu duten dokumentalak Klara eta biok Itxaro Bordak 1985ean idatzitako narrazioa berrikustea proposatzen du, egilea bere iraganeko hitzen aurrean jarriz eta bertan azaleratzen duen euskal nortasunarekiko harreman periferikoaren begirada eguneratuz.

Gorostidi Arte Ederretan lizentziatua da, eta Zinema Garaikidearen Ikerketako master bat dauka (Universitat Pompeu Fabra, 2013). Arantza Santesteban iruindarra, aldiz, Historian lizentziatua da, eta Zinema Dokumentalean diplomatu zen Bartzelonako CCFBn.

For The Good Times Andres Daniel Sainz donostiarraren komedia melodramatikoak euskal aktore ezagunak bildu ditu; Ramon Agirre, Klara Badiola, Iñaki Rikarte, Itziar Ituño, Aitor Beltran eta Miren Gaztañaga dira, beste zenbaiten artean, familia protagonista osatzen dutenak. Patriarkaren urtebetetze egunean, semeetako batek armairutik ateratzea erabaki du, eta senitartekoen tolerantzia maila neurtuko du horrela.

Andres Daniel Sainzek 2016an zuzendu zuen Haïku, bere lehen film laburra, Vidania Films ekoiztetxearekin. For the Good Times estreinatzear dela, hirugarren filma prestatzen ari da.

La fiebre del oro Raul de la Fuenteren dokumentala Kanaki Films Gipuzkoako etxeak ekoitzi du. Minerita iruindar zuzendariaren film laburrak Kimuaken 2013ko katalogoan parte hartu zuen, 2014ko Goya saria eskuratu zuen eta Oscarretarako finalista ere izan zen. Oraingoan, Mozambikeko meatzarien bizimodua erakutsi du.

Azkenik, Plágan Koldo Almandoz donostiarraren film labur dokumentalak egun oso hedatua dagoen izurri baten gaineko hausnarketa egiten du, berorren kalte eta eraginei kameraren atzetik behatuz.