Zinema
Mostra 2010
Alex de la Iglesiak 'Balada triste de trompeta' aurkeztu du Venezian
Erredakzioa
Mostraren 67. edizio honetan Sail Ofizialean hartzen du parte bilbotarraren azken lanak.
Alex de la Iglesiak Balada triste de trompeta bere azken filma aurkeztu du gaur Veneziako Mostran. Beldur komikoa lantzen duen tragedia irrigarri bat aurkeztu du euskal zuzendariak Veneziako zinemaldi honetara, Lehoia eskuratzeko lehiara.
Filma bukatu berritan, De la Iglesia Italiara joan da, Espainiako XX. mendeko historiaren ikuspegi berezi bat aurkeztera. Bi pailazoren ikuspuntutik sortu du filma Espainiako Zinema Akademiako presidenteak, eta bertoko prentsaren aurrean egin duen aurkezpenean pailazoen esanahiaz aritu da. ''Pailazoak sinbolo gisa duen papera interesatzen zait'', esan du. Lekutik kanpo kanpo dagoen beldurrezko figura bat da. Apaizarekin eta toreatzailearekin lotura berezia du, gainera. Hirurek dute traje distiratsua eta hirurek hartzen dute parte sakrifizioren bat duen iniziazio erritual batean''.
Bi pailazo beldurgarri eta desitxuratu ikusiko ditugu film honetako zirkuan, dantzari eder baten maitasuna lortzeko lehia bizian. Zirku horretako drama Espainiako historiako benetako gertakizunekin lotzen ditu Balada Triste de Trompeta lanak, Carrero Blancoren erailketarekin hasitako garaia islatzeko.
Antonio de la Torre, Carlos Areces, Carolina Bang eta Santiago Seguraprotagonistekin batera, beste aktore ezagun batzuk ere deitu ditu De la Iglesiak lan honetarako, Sancho Gracia, Luis Varela, Terele Pavez, Fernando Guillen Cuervo, Fran Perea, Raul Arevalo, Manuel Tejada, Enrique Villen, Joaquin Climent eta Juana Corder, besteak beste. Benetako pailazoa ere izango da aktore profesionalen artean: Alfonso Aragon, Fofito, ikusi ahal izango dugu Balada Triste de Trompeta film berrian.
Mostra 2010
23 pelikula ditugu Veneziako Nazioarteko Zinemaldiaren 67. edizioan lehiaketan. Quentin Tarantino eta Guillermo Arriaga dira aurtengo epaimahaiko buruak, eta bertan dira ere Ingeborga Dapkunaite Lituaniako aktorea, Arnaud Desplechin frantziarra, Danny Elfman Estatu Batuetako musikaria eta Luca Guadagnino eta Gabriele Salvatore zuzendari italiarrak.