Zinema
Latinoamerikako Jaialdia
'Revolucion' filma, Biarritzeko Urrezko Besarkadaren irabazlea
Erredakzioa
Iraultzaren ondorengo Mexikori buruzko taldeko obra honek jaialdiaren epaimahaikideak liluratu ditu. Brasilgo Flavia Castroren 'Diario de uma busca' lanak dokumental onenaren saria lortu du.
Biarritzeko Latinoamerikako Zinema eta Kultura Jaialdiaren 19. edizioaren sari garrantzitsuena irabazi du Revolucion film mexikarrak. Hamar minutuko iraupena duten 10 film laburrez osatuta, zinemaldiaren Urrezko Besarkada saria eskuratu du. 100 urte igaro dira iraultza mexikarra izan zenetik eta horren desengainua erakutsi nahi izan du filmak.
Gael Garcia Bernal eta Diego Luna aktore mexikarrek parte hartu dute proiektuan. Film laburrak grabatu dituzten zuzendari batzuen talentua baieztatu besterik ez du egiten sari honek, Amat Escalanteren, Carlos Reygadasen eta Rodrigo Plaren talentua esaterako. Gainera, zinema kritikarien Sindikatu frantsesak ere filma hau saritu du.
Epaimahaiaren saria Juan Carlos Valdiviak zuzendutako Zona Sur filmarentzat izan da. 5XFavela zinta brasildarrak, berriz, publikoaren golardoa lortu du. Brasiletik ere datorkigu Diario de uma busca, dokumental onenaren aipamena eskuratu duena.
Gainontzeko irabazleak:
- Emakumezko aktore onenaren saria: Nanda Costa, Amanda Diniz eta Kika Faris, Sandra Wernecken Sonhos Roubados filmagatik
- Gizonezko aktore onenaren saria: Osmar Nuñez, Diego Lerman argentinarraren La Mirada Invisible filmagatik
- Film labur onenaren saria: Janaina Marquez Ribeiro kubatarraren Los Minutos, las Horas
- Publikoaren saria, dokumentalen sailean: Patricio Guzmanek zuzendutako Nostalgie de la Lumière