Itxi

Zinema

Aste honetan, zinema-aretoetan

'Izarren argia' eta 'Heroes', asteko estreinaldiak

Erredakzioa

Gainera, Robert De Niro eta Edward Norton aktoreen 'Stone', 'Ga'Hoole, la leyenda de los guardianes' eta 'Los seductores' frantziarra dira beste estreinaldietako batzuk.

Donostiako Zinemaldian estreinatu ondoren, zinema-aretoetara iritsi da Izarren argia. Barbara Goenaga dugu film honetako protagonista, eta Espainiako Gerra Zibilean emakumeek izan zuten papera gogoratu nahi dute bertan. Ez da Estatuko film bakarra aste honetako estreinaldietan, Héroes, Pau Freixas Bartzelonako zuzendariaren hirugarren lana, ere geurean dugu. Eva Santolaria, Emma Suarez eta Lluis Homar dira pelikula honetako protagonistak.

AEBetatik Stone lana datorkigu, muturreko eskumako alderdi erlijiotsuei kritika zorrotza egiten dien pelikula. Robert De Niro eta Edward Norton ditugu bertan protagonistak. Hauekin lehian Zack Snyder (300) zuzendariaren Ga''Hoole, la leyenda de los guardianes filma eta Paranormal Activity lanaren bigarren zatia izango dira. 151 milioi dolar lortu zituen Estatu Batuetako zinema-aretoetan Paranormal Activity-k. Déjame entrar, banpiroen inguruko suediar film arrakastatsuaren bertsio berria, da aste honetako beste proposamenetako bat. Los seductores pelikula frantsesak Vanessa Paradis eta Roman Duris ekarri dizkigu pantaila handira, eta umeentzako tokia ere izango da aste honetan, Diario de Greg filmarekin.

Izarren argia filmak frankismora eramango gaitu. Victoria alargun errepublikanoa eta bere ahizpa Saturrarango kartzelan sartu dituzte, epaiketarik egin gabe. Bertan, ama errepublikanoei haurrak kenduko dizkiete, familia falangistei emateko. Helburua? Komunismoa bukatzea.

The Score: un golpe maestro (2001) pelikulan elkarlanean ibili ondoren, batera ditugu berriz Robert De Niro eta Edward Norton, John Curran zuzendariaren Stone pelikulan. Kartzelan girotutako thriller-a da oraingo hau. Bertan, Jack Mabry ofizialak Stone presoaren kasua berrikusteko enkargua hartuko du, erretiroa hartu baino egun batzuk lehenago. Aiton-amonen hilketa ez salatzeagatik dago kartzelan Stone. Askatasuna lortzeko irrikan, direnak eta ez direnak egingo ditu Jack konbentzitzeko.

Malagako Zinema jaialdian publikoaren saria eskuratu zuen Héroes fimak, Pau Freixas zuzendariaren drama nostalgikoak. Helduek barnean duten haur tolesgabe eta dibertigarria berreskuratzeko beharraz hitz egiten digu lanak, Eva Santolaria, Emma Suarez eta Lluis Homar aktoreekin.

Zack Snyder bueltan dugu Ga''Hoole, la leyenda de los guardianes animazio lanarekin. 3Dtan egindako filma da, eta leialtasunaz eta ametsak izatearen garrantziaz egiten du hausnarketa.

Matt Reeves estatubatuarrak Déjame entrar zuzendu du. John Ajvide Lindqvist egilearen liburuan oinarritutako lana zinema-aretoetan da berriz ere, oraingoan Ronald Reaganen garaiko AEBetan girotuta.

Pascal Chaumeil zuzendari frantziarraren estreinako lana da Los seductores, Frantzian lau milioi ikusle lortuta arrakasta handia jaso duen filma. Bikoteak apurtzen profesionala dugu Alex. Benetan trebea da emakumeei gizon egokiarekin ez daudela sinetsarazten, Julietterekin eta horren mutil lagunarekin topo egin arte, behintzat.

Beldur psikologikoaren zaleen gozamenerako, Paranormal Activity 2 gure zinema-aretoetara iritsi da. Familia batek, ustez lapurretak jasan ondoren, etxe barruan segurtasun kamerak jartzeko erabakia hartuko du. Orduan konturatuko dira zer den etxean duten hori.

Thor Freudenthalek zuzendu duen familia komedia da Diario de Greg. Izen bereko eleberri grafiko arrakastatsuan oinarrituta dago (33 hizkuntzatara itzuli dute Jeff Kinneyren lana, eta hiru urtez egon da The New York Times egunkariko salduenen artean).