Zinema
Donostia
Elias Querejeta Zine Eskolak 45 ikaslerentzako tokia eskainiko du
Agentziak | Erredakzioa
Irailaren 21ean hasiko dira eskolak ikastegian, hiru ataletan banatuta: Artxiboa, Sorkuntza eta Kuradoretza. Oraingoz, ez du titulu homologaturik eskainiko.
Elias Querejeta Gipuzkoako Aldundiak Tabakaleran bultzatutako zinema eskolak urtarrilaren 8an irekiko du bertan izena emateko epea, eta deialdi horretan parte hartuko dutenen artean aukeratuko du zein 45 ikaslek hasiko dituzten graduondoko ikasketak bertan irailaren 21ean.
Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak eta Carlos Muguiro eskolako zuzendariak azaldu dute, gaur goizean, adarretako bakoitzean (Artxiboa, Sorkuntza eta Kuradoretza) 15 ikasle onartuko dituen eskolan izena emateko prozesua eta zer irizpideren arabera aukeratuko dituzten behin betiko ikasleak.
Ildo akademikoa goi mailako unibertsitate ikasketak egin dituztenei, unibertsitateko goi mailako titulu bat duteneni edo 2018 horrelako bat lortzeko bidean daudenei begira diseinatu dute, eta beste zinema eskolaren batean graduatutakoak ere onartuko dituzte.
Hala ere, Sorkuntza adarrean “atea zabalduko diegu” baldintza horiek betetzen ez dituztenei, Muguirok azaldu duenez, zinemarekin lotutako proiektu interesgarria aurkeztuz gero.
56 asteko ikasturtea irailaren 21ean hasiko da, Donostiako aurtengo Zinemaldia hastearekin batera, eta 2019ko Zinemaldian bukatuko da. Ikasle bakoitzak 3.500 euro ordaindu beharko ditu matrikula egiteko.
Astelehenetik, urtarrilak 8, aurrera, izena eman nahi dutenek hori egiteko modua izango dute eskolaren webgunean, eta pauso hori ematera zerk bultzatu dituen azaldu beharko dute gutun baten edo bideo baten bidez. Oraingoz, zentroak ez du titulu homologaturik eskainiko.
Sorkuntza adarra ikasi nahi dutenek, gainera, ikasturtean zehar garatuko duten proiektua azaldu beharko dute txosten batean, Muguirok esan duenez, “proiektuen eskola bat izango baita”.
Eskolak eskainiko duen adarretako bakoitza tabako fabrika zaharrean ezarrita dauden erakundeetako batekin lotuta dago: Artxiboa Euskadiko Filmategiarekin, Kuradoretza Donostiako Zinemaldiarekin eta Sorkuntza Tabakalerarekin.
Irakasle zerrendari dagokionez, hauek arituko dira, besteak beste: Koldo Almandoz, Cristina Álvarez, Harkaitz Cano, Erika Balsom, Luciano Berriatúa, Xabier Erkizia, Dan Kidner, Salome Lamas, Maider Oleaga eta Vanesa Fernández Guerra.