Itxi

Zinema

Diru laguntzak

Zineuskadik 160.000 euro bideratuko ditu Europa eta Iberoamerikako zinema bultzatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Ikus-entzunezko sektorearen plataforma publikoak Zinema Euskaraz programako pelikulen alokairua ere sustatuko du laguntzen bidez.

Zineuskadi Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen ikus-entzunezko sektorearen plataforma publikoak 160.000 euroko inbertsioa bideratu du 33 zinema aretotara, Europako eta Iberoamerikako filmen kopiak proiektatzeko eta, horrela, europar zein iberoamerikar zinemagintza sustatzeko.

Zineuskaditik jakinarazi dutenez, Zinema Euskaraz programako pelikulen kopien alokairuak sustatzeko aurrekontua ere sartzen da inbertsioaren barruan.

Alde batetik, gehienez hiru pantaila dituzten zinema aretoetara 132.000 euro bideratuko dituzte. Laguntza hori jaso ahal izateko, 2016ko irailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era programazioaren %35 Europako eta Iberoamerikako filmekin osatu behar izan dute aretook.

Hiru pantaila baino gehiagoko zinema aretoei dagokienez, lau aretok jasoko dute laguntza, epe berean programazioaren %50 baino gehiago osatu badute Europako eta Iberoamerikako filmekin.

Zineuskadi irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta kide sortzaileen artean Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Euskadiko ekoizleen bi elkarteak daude: IBAIA eta EPE-APV. 2014. urtetik, Euskal Irrati Telebista, Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategia ditu bazkide.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema