Itxi

Zinema

Sosik gabe omen dago

Metro Goldwyn Mayerrek hondoa jo duela iragarri du

Erredakzioa

4.000 pelikula ditu katalogoan, baina 4.000 milioi dolarreko (2.845 milioi euro) zorra pilatu du. Konpainia hondotik ateratzeko estrategia da porrota iragartzearena.

Metro Goldwyn Mayer (MGM) Hollywoodeko estudio beteranoak porrot egin duela iragarri du ofizialki. Konpainia hondotik ateratzeko berregituraketa prozesua aurrera eramateko estrategia da porrot egin duela iragartzearena, The Hollywood Reporterrek adierazi duenez.

4.000 milioi dolarreko (2.845 milioi euro) zorra pilatu du orain arte konpainiak, eta horri aurre egiteko Spyglass Entertainment etxearekin akordio bat lortu nahi dute. Behin porrotetik aterata, Spyglass Entertainmenteko arduradunek zuzenduko dute estudioa. Dena den, aurrerantzean konpainiaren tamaina txikiago izan beharko da, eta banatzaile gisa egingo du lan, ekoizle gisa baino.

2004an hasi ziren MGMen diru-arazoak. Orduan Sony, Comcast, Providence Equity eta TPG Capital enpresek MGM kredituan erosteko eragiketari ekin zioten, 5.000 milloi dolarretan. Gerora eskaintza gehiegizkoa zela ikusi zuten. Horri DVD salmentaren beherakada ere gehitu behar zaio.

James Bonden eskubideak bereak ditu MGMk, eta 4.000 film baino gehiagoko katalogoaren jabe ere bada, tartean The Wizard of Oz, Gone with the Wind edo Ben-Hur arrakastatsuak.