Itxi

Zinema

Autore zinema

'Ana de día' Andrea Jaurrietaren lehen film luzea Malaga eta Bartzelonako jaialdietan

eitb.eus

Nafar zuzendariaren filma Malagako zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko da eta D’A autore zinemaren Bartzelonako jaialdia itxiko du.

Andrea Jaurrieta nafar zuzendariak “Ana de día” bere lehen film luzea estreinatuko du Espainierazko Zinemaren Malagako Jaialdian, Andaluziako hirian apirilaren 13tik 22ra egingo duten zinemaldian.

Ingrid García-Jonsson aktorea (“Hermosa juventud”, “Acantilado”) protagonista duen filmak Ana izeneko emakume baten istorioa du kontagai. Gazte otzana da, maila ertaineko familia tradizional batean hazia, Zuzenbideko doktoretza bukatzear, enpresa batean sartzear eta ezkontzear da, baina bizimodu horrek ez du asetzen.

Egun batean, Anak ikusiko du bere itxura bera duen emakume batek bere tokia hartu duela eta berari dagozkion betebehar guztiak bere gain hartuko dituela. Bere bizitzan lehenengoz erabat askea den jakitun, anonimotasunari eta askatasunari atarramentu handiena ateratzen saiatuko da Ana orduan, bere mugak probatuz eta existentziaren zentzua bilatuz, nola Madrilgo gauetako kabaret giroan hala ostatutzat duen apopilo etxean, non gauean desagertu nahi duten pertsonaia askorekin bat egingo baitu.

Filma egitasmo independentea da, zazpi urte behar izan dituzte pantailaratzeko, eta finantzazio kolektiboko kanpaina bati eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntzari esker gauzatu ahal izan du curriculumaren arabera aukeratu duten lantaldeak, % 70ean emakumeek osatutakoak.

Cine D’A jaialdia

Halaber, “Ana de día” lanak D’A apirilaren 26tik maiatzaren 6ra Bartzelonan egingo duten autore zinemaren jaialdia itxiko du.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea