Itxi

Zinema

Estreinua

‘Ana de día’ azaroaren 9an iritsiko da Hegoaldeko zinema aretoetara

N.V. | eitb.eus

Malagako jaialdian eta D’A Bartzelonako autore zinemaren jaialdian erakutsi eta gero, Andrea Jaurrieta nafar zuzendariaren filma udazkenean ikusi ahalko da zinemetan.

“Ana de día” Andrea Jaurrieta nafar zuzendariaren lehen film luzea azaroaren 9an estreinatuko dute zinema aretoetan.

Ingrid García-Jonsson aktorea (“Hermosa juventud”, “Acantilado”) protagonista duen filmak Ana izeneko emakume baten istorioa du kontagai. Gazte otzana da, maila ertaineko familia tradizional batean hazia, Zuzenbideko doktoretza bukatzear, enpresa batean sartzear eta ezkontzear da, baina bizimodu horrek ez du asetzen.

Egun batean, Anak ikusiko du bere itxura bera duen emakume batek bere tokia hartu duela eta berari dagozkion betebehar guztiak bere gain hartuko dituela. Bizitzan lehenengoz erabat askea den jakitun, anonimotasunari eta askatasunari atarramentu handiena ateratzen saiatuko da orduan, bere mugak probatuz eta existentziaren zentzua bilatuz, nola Madrilgo gauetako kabaret giroan hala ostatutzat duen apopilo etxean, non gauean desagertu nahi duten pertsonaia askorekin bat egingo baitu.

Filma egitasmo independentea da, zazpi urte behar izan dituzte pantailaratzeko, eta finantzazio kolektiboko kanpaina bati eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntzari esker gauzatu ahal izan du curriculumaren arabera aukeratu duten lantaldeak, % 70ean emakumeek osatutakoak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura