Itxi

Zinema

Estreina

Arantxa Echevarria bilbotarrak ‘Carmen y Lola’ estreinatu du

Agentziak | Erredakzioa

Cannesen aurkeztutako filmak hautsak harrotu ditu Dibertsitatearen aldeko Emakumezko Ijito Feministen Elkarteak gaitzetsi egin baitu. Gaurtik, irailak 7, Hegoaldeko hainbat aretotan egongo da ikusgai.

“Denok gogoratzen dugu maitemindu ginen lehen aldia, inoiz ez da berriz bizitzen halako intentsitate mailarik eta abandonurik”: esaldi horrekin aurkeztu du Arantxa Echevarria zuzendariak “Carmen y Lola” Hegoaldean gaur estreinatuko den filma, familien tabuei eta arbuioari aurre egin beharko dioten bi emakume ijitoren arteko maitasun istorioa kontatzen duena.

Canneseko jaialdian estreinatu eta Europako Zinema Sarietarako aukeratu eta gero, publikoak gaurtik, irailak 7, aurrera ikusi ahalko du.

"Maitasun istorio bat"

Echevarriak azaldu duenez, lehen maitasunari buruzko pelikula bat egin nahi zuen hasieran, eta gero etorri zen pertsonaia nagusiak emakume ijitoak izateko ideia, 2009an, emakume ijitoen arteko ezkontza ezkutu baten berri irakurri zuenean, egunkarian.

Hurrengo urratsa ikertzea zen, antzeko egoerak bizi izandako neskekin hitz egitea, eta, azkenean, batekin hitz egin ahal izan nuen, txat batean. “Guztira, 16 bat neskarekin egin nuen harremana gero. Beraiek izan ziren gidoiaren froga-harria; zerbait idazten nuen bakoitzean, galdetu egiten nien”, azaldu du.

Filma “oso arina” da errealitatearen aldean, Echevarriaren esanetan. “Ez nuen muturrera iritsi nahi izan”, azpimarratu du. Hala ere, ekainean, Zinemaren eta Emakumeen Iruñeko Erakusketan estreinatzeko zela, Dibertsitatearen aldeko Emakume Ijitoen Elkarteak filmaren kontra egin zuen, “trailerra ikusi eta gero”, “estereotipo arrazista, matxista eta zapaltzaileak” betikotu egiten zituelakoan.

“Beroaldia izan zen”, adierazi du zuzendariak, gauzak bere onera etortzeko gogoz. “Ni feminista naiz eta beraiek ere bai, eta guretzat okerrena emakumeon artean eztabaidan aritzea da. Elkarrekin borrokatu behar gara”, esan du.

“Nik uste autodefentsa dela, eta ulertzen dut. Txarto jokatu zuten pelikula ikusi barik kritikatu zutelako, baina ulertzen ditut beldurrak”, azaldu du.

Esperientziarik gabeko aktoreak

‘Carmen y Lola’ko protagonistak, Zaira Romerok eta Rosy Rodriguezek, ez zuten ez prestakuntzarik ez esperientziarik aktore gisa, ezta gainerako antzezle guztiek ere, eta casting zorrotz batean aukeratu zituzten. “Aktore naturalek freskotasuna eta errealitatea ekarri dituzte”.

Hurrengo filmerako, hainbat ideia darabiltza buruan Echevarriak: “Txinatar etorkinen bigarren belaunaldian interes berezia dut, Espainian jaio dira eta gaztelania erabiltzen dute, baina gurasoek agian ez, eta horrek kultura talka bat dakar. Bi mugen arteko lurretan bezala daude”.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura