Zinema
Zinebi
Sei euskal film labur, Zinebiko Sail Ofizialean lehian
eitb.eus
Larunbatean ikusi ahalko dira euskal zinemagileen lanok, lau dokumental eta fikziozko bi film labur, Euskal Zinemaren Egunaren egitarauaren barruan.
-
'Amor siempre' filma ikusi ahalko da, besteak beste, Euskal Zinemaren Egunean
Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 60. edizioa ostiralean, azaroak 8, hasiko da, inaugurazio galarekin, non Mariano Llinas zinemagileak Ohorezko Mikeldia jasoko baitu.
Sail Ofizialean, 52 filmek hartuko dute parte, eta horietako sei izango dira euskal zinemagileek egindakoak: Ancora lucciole, María Elorza (dokumentala); Cadoul de craciun, Bogdan Muresanu (fikzioa); Azken otsoa, Iker Maguregi (fikzioa); Il dolce far, Richard Sahagún (dokumentala); Amor siempre, Maider Fernández (dokumentala) eta It is All Right Here, Teresa Sendagorta (dokumentala).
Aurten, Zinebik Euskal Zinearen Eguna ospatuko du azaroaren 10ean, lehenengoz, eta horren barruan, 17:30etik aurrera, Sail Ofizialean parte hartuko duten euskal filmak eskainiko dituzte Azkuna Zentroko Auditorioan.
Hauek dira filmen sinopsiak:
Ancora lucciole: 1972an, Pier Paolo Pasolinik ipurtargien desagerpenaz idatzi zuen bere artikulu ezagunenetako batean. Hilabete gutxiren buruan, hil egin zuten. Orduz geroztik, ipurtargiek desagertzen jarraitu dute. Baina oraindik bada gogoratzen dituenik.
Cadoul de Craciun: 1989ko abenduaren 20a. Timisoara hirian, Ceausescu-ren errepresio odoltsua gertatu eta egun gutxira. Aita baten arratsalde lasaia egiazko proba zail bilakatu da; izan ere, semeak Santa Klausi eskutitza bidali diola jakin du. Haurrak uste du aitaren ametsa Ceausescu hilik ikustea zela.
Azken otsoa: Landako familia abeltzain batek inguruetako otso guztiak ehizatzen ditu haien ardiak hiltzea leporatuta. Lasaitasuna lortu dutelakoan, hurrengo goizean, hiru ardi falta direla ikusi, eskopeta hartu eta basorantz doa aita.
Il Dolce Far: Toscanako kulturako funtsezko pertsonekin topatzeak arte eta bizitza ikusteko duten moduan barneratzen gaitu. Oso pertsonalitate desberdinak, baina Arteari dioten maitasunak elkartzen dituenak. Fantoni Bononi gazteluaren eta Verrucolako gazteluaren arteko elkarrizketak eta topaketak, non handitasun sekularrak kontrastea egiten duen gizakiaren bizitasunarekin.
Amor siempre: Gloria 82 urteko amamak aldi batez Maria, hartu du bere etxean. Gloria alarguna da duela 16 urtetik, oso katolikoa, inoiz ez du sexuaz edo maitasunaz hitz egin senide batekin ere, eta are gutxiago bere biloba txikiarekin. Maria, 17 urtekoa, sexualitatea eta maitasuna ezagutzen ari da eta bere adineko berezko askatasuna bizitzen hasi da.
/It’s All Right Here/: Paisaia urdin batean distira bat agertuko da. Irudi gizatiar bat mendian gora doa. Emakumezko ahots bat entzuten da. Hau zen modu bakarra. Bere txanda zen begiak kliskatzeko. Elkar topo egiten duten materialen deskontestualizazio, birkodetze eta oposizio pieza, oinarritzat duen S8 pelikularen iraupena “okupatzen” duena.