Itxi

Zinema

Agur 61. edizioari

'Jodaeiye Nader az Simin' film irandarra, Urrezko Hartza Berlinalen

Erredakzioa

Asghar Farhadi zuzendariaren zintak 61. edizioaren epaimahaikideak lilutatu ditu. Iciar Bollainen 'Tambien la lluvia' filmeak publikoaren saria lortu du.

Asghar Farhadi irandarrak zuzendutako Jodaeiye Nader az Simin (Nader and Simin. A Separation) filmeak Berlinale zinemaldiaren saririk handiena jaso du, Urrezko Hartza, hain zuzen ere. Gainera, jaialdiak zintaren aktoreak ere saritu ditu, Zilarrezko Hartza golardoarekin.

Pelikula hau faboritoen artean zegoen eta bai publikoaren bai kritikoen onespena zituen. Zalantza moralez beteriko egungo Iran konplexua erakutsi du zintak. Mendebaldeko herrialdeekin alderatuta, unibertsalak izan daitezkeen arazoak ditu mintzagai, esaterako, Alzheimerren gaixotasuna duen aita baten zaintza.

Konspirazioa leporatuta, Jafar Panahi iraindarrak betetzen ari duen zigorra salatu nahi izan dute sari hauek. Berlinale jaialdiaren epaimahaikidea izateko gonbidapena luzatu zioten Panahiri baina bere herrialdetik irtetzeko debekua ezarri diote.


Zinema espainiarra, sarituta

Zinemaldian boto gehien eskuratu duen zinta da Iciar Bollainen Tambien la lluvia filmea da. Horren ondorioz, Berlinaleko publikoaren saria jaso du.


Kritikoen saria

Alabaina, Bela Tarr hungariarrak zuzendutako A Torinoi Lo zintak Berlinaleko Nazioarteko Zinema Kritikoen Federakuntzaren FIPRESCI saria jaso du. Zuri-beltzeko film konplexu honek bi ordutako iraupena du. Gainera, ez ia elkarrizketarik.

Bere hartzak banatu ostean, amaiera eman dio Berlinalek 61. edizioari. Aurtengo alfombra gorriak ez ditu zinema munduko izar handiak ikusi. Sail ofizialean inoiz baino zinta kopuru gutxiago izan dira lehian. Hala ere, Berlinalek zinemaldi "herrikoiaren" izena berretsi du.