Zinema
83. edizioa
Oscar 2011: hasi da zinemaren jaialdi handia
Erredakzioa
Colin Firth protagonista duen 'The king´s speech' zintak faboritoa da gaurko sari banaketan, 12 izendapen dituelako.
Ordu batzuk besterik ez dira geratzen Los Angeleseko Kodak antzokiaren alfombra gorriaren gainean Hollywoodeko izar handiak ikusteko. Gaur 23:00etatik aurrera bertan izango dena emitituko du zuzenean EiTB.com-eko Oscar sarien atari bereziak.
Zinema gunearen urteko gau bereziena izango da gaur Los Angelesen. Emanaldia asteleheneko goizaldeko lehen orduetan hasiko da (Euskadiko orduan). Colin Firth protagonista duen The king´s speech filmea izendapen gehien lortu dituen zinta da: 12 izendapen, tartean, filme, jatorrizko gidoi eta aktore onenen sailetan.
Javier Bardem: "Talentua eta ausardia"
Aktore onenaren sailean, Javier Bardem espainiarra ere izango da lehian, Biutiful filmean egindako lanagatik. Alejandro Gonzalez Iñarrituk zuzendutako zinta hau atzerriko filme onenaren sailean ere izendatuta dago. "Oso harro sentitzen naiz", adierazi du Bardemek.
Aktore honen talentu handia behin baino gehiagotan nabarmendu du zuzendari mexikarrak. "Talentua eta ausardia: horra hor Javier Bardem", esan du.
Borroka handia sail nagusienetan
Aurtengo edizioan Oscar sarien kopuru gehien lortzeko faboritoa da The king´s speech pelikula (12 izendapen ditu). Coen anaiek zuzendutako True Gilt western zintak 10 izendapen ditu; Origen eta The social network filmeak, berriz, zortzi hautagaitza bakoitza.
Sare sozial batzuen arabera, baliteke aktore onenaren saria James Francok eskuratzea, 127 hours filmean egindako laganatik, sail horretan Javier Bardem (Biutiful) nahiz Colin Firth (The king´s speech) faboritoak badira ere. Atal honetan, Jesse Eisenberg (The social network) eta Jeff Bridges (True Gilt) aktoreak ere lehiatuko dira.
Emakumezkoen aktoreei dagokionez, Natalie Portmanen izena (Black swan lanagatik) aipatu dute adituek aho betez. Hala ere, Annette Benning (Los chicos están bien), Jennifer Lawrence (Winter''s Bone), Michelle Williams (Blue Valentine) eta Nicole Kidman (Rabbit Hole) izendatu dituzte hautagai.
Euria egin lezake
Azken egunotako zaparrada mardulak eta txingorra bota du baina eguraldiaren iragarpenaren arabera, zeruak oskarbi izango dira emanaldia bitartean Los Angelesen. Hala ere, tenperaturak oso hotzak izango dira. Euririk egiten ez baldin badu, emanaldiaren azpiegitura prestatu duten langileek estalki gardena kenduko dute, alfonbra gorria ederra agertu dezan.
Anne Hathaway eta James Franco emanaldiaren aurkezleak izango dira. Alfonbra gorriaren ostean, sari banaketari ekingo diote goizaldeko 01:30 inguru (Euskadiko ordua). Hiru ordutako iraupena izango du eta 200 herrialde baino gehiagok jarraituko dute zinemaren hitzordua.