Itxi

Zinema

Sariak

'Carmen y Lola', 'Another day of life' eta 'Errementari', Goya sariei begira

eitb.eus

Espainiako Zinema Akademiak urteroko sariak banatuko ditu larunbatean, 22:00etatik aurrera, Sevillan. ‘Carmen y Lola’ Arantxa Echevarriaren filmak zortzi izendapen ditu.

  • Ricardo Darin aktorea, iragarki batean

    Sevillako kaleak prest daude Goya sariak hartzeko. Argazkia: Efe.

Joan den urteko betekadaren ondoren (Handia-k hamar Goya sari irabazi zituen, eta sari horien historian golardo gehien irabazi dituzten pelikuletan hirugarrena da harrezkero, Mar adentro-ren eta ¡Ay Carmela-ren ondoren), euskal zinemaren ordezkariak aurreikuspen apalagoekin iritsiko dira aurten Sevillara.

Nolanahi den, sariak biltzeko hainbat aukera egongo dira, 22:00etatik aurrera Andreu Buenafuentek eta Silvia Abrilek gidatuko duten galan, eta izendapen gehien dituen euskal filma Carmen y Lola Arantxa Echevarria bilbotarrarena da.

Carmen y Lola

Echevarriaren lehen film luzeak zortzi izendapen jaso ditu, sari hauen hogeita hamahirugarren edizioan. Carmen y Lola Cannesen estreinatu eta Europako Zinemaren Sarietarako aurrehautatutako filma sari nagusietako batzuetarako aukeratu dute: film onena, zuzendari berri onena eta jatorrizko gidoi onena.

Horrez gain, filmeko protagonistak, Rosy Rodriguez eta Zaira Romero formakuntzarik eta aurretiazko esperientziarik gabeko aktoreak, emakumezko aktore berri onenaren sarirako hautagaiak dira. Moreno Borja, debuta pelikula honetan egin duen beste aktore bat, gizonezko aktore berri onenaren sailerako aukeratu dute, eta Carolina Yuste hautagai da bigarren mailako emakumezko aktore onenaren sailean. Gainera, Paco de la Rosak jatorrizko abesti onenaren saileko saria irabaz lezake.

Errementari eta Un día más con vida

Halaber, Errementari Paul Urkijo gasteiztarraren eta Another day of life Raul de la Fuente nafarraren filmak, biak ere EiTBren parte-hartzearekin, ere izendatuta daude Espainiako Zinema Akademiaren sarietarako, efektu berezien (Jon Serrano eta David Heras) eta animaziozko film onenaren sailetan, hurrenez hurren.

Euskal ordezkaritzak, gainera, horrelakoetan ohikoa den izen bat ere izango du Sevillan, Alberto Iglesias donostiar musikariarena (hamar goya irabazi ditu). Yuli Iciar Bollainen pelikulan egindako lanagatik izendatu dute oraingoan.

Borja Cobeaga donostiarrak izendapen bat lortu du Superlopez-en gidoiarengatik (Diego San Joserekin batera nabarmendu dute, gidoi egokitu onenaren atalean), eta Andrea Jaurrieta iruindarra ere izendatuen artean dago, zuzendari berrien atalean (Ana de dia pelikulagatik).

Euskal izendatuen zerrenda ixteko, hiru izen gehiago: Iñaki Ros (El reino filmagatik), Josu Inchaustegui (La sombra de la ley pelikularen argazkilaritzagatik) eta Clara Bilbao (La sombra de la ley filmaren jantziengatik).

Halaber, Soy una tumba Uniko bilbotar ekozitetxearen lana animaziozko film labur onenaren sailean lehiatuko da.

El reino, faborito nagusia

El reino Rodrigo Sorogoyenen pelikulak eskuratu ditu izendapen gehien, 13, eta Campeones (11 izendapen) Javier Fesserrena ere nabarmendu da 2018an Espainiako Estatuan egindako filmen artean. Galan, Ohorezko Goya emango diote Narciso Chicho Ibañez Serradorri.