Itxi

Zinema

Otsailak 7-12

Berlinalek genero berdintasuna bultzatu, eta Charlotte Rampling omenduko du

Agentziak | Erredakzioa

Sail ofizialeko hamazazpi filmetatik zazpi emakumeek zuzendu dituzte. Euskal zinemak bi film izango ditu jaialdiaren programazio ofizialean.

  • Juliette Binoche

    Juliette Binoche frantses aktorea izango da epaimahaiko burua. Argazkia: Efe.

Bihar ‘The kindness of strangers’ danimarkar filmak irekiko duen Berlinaleren 69. edizioak alfonbra gorri ekologikoa, itsasoan batutako zaborrez egindakoa, eta genero berdintasuna neurtzeko sailkapen bat estreinatuko ditu, berritasun gisa.

Lankidetza eta Garapen Ministerioak baieztatu duenez, itsasoan aurkitutako arrantza sarez, moketa zaharrez eta bestelako ehunez egina da bihartik aurrera zuzendariak, aktoreak eta publikoa hartuko dituen alfonbra.

Halaber, Berlingo jaialdian ahalegin berezia egingo dute genero berdintasunaren arloan, iaz hasitako bideari jarraipena emanda. Aurten, emakumeen presentzia indartu dute zuzendarien, ekoizleen eta teknikarien arloetan, baita pelikulen edukietan ere.

Horren erakusgarri, Hartzak irabazteko lehian egongo diren hamazazpi filmetatik zazpi emakumeek zuzendu dituzte: Longe Scherfig danimarkarra, Isabel Coixet katalana, Agnieszka Holland poloniarra, Marie Kreuzer austriarra, Teona Strugar Mitevska mazedoniarra eta Angela Schanelec eta Nora Fingscheidt alemaniarrak.

Gizonen aldetik, Hartza dagoeneko irabazita duten batzuk daude, hala nola Fatih Akin turkiar-alemaniarra eta Zhang Yimou, Wang Quan'an eta Wang Xiaoshuai txinatarrak. Horiez gain, besteak beste, François Ozon eta Hans Petter Moland zuzendariek ere hartuko dute parte.

Sail ofizialeko epaimahaiak erabat egiten du bat genero berdintasunaren politikarekin; izan ere, kideen erdiak emakumeak dira: Juliette Binoche aktore frantses eta epaimahaiko presidentea, Sandra Hüller eta Trudie Styler britainiar ekoizlea.

Charlotte Rampling britainiar aktoreak Ohorezko Hartza jasoko du bere ibilbide osoagatik.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura