Zinema
Diru-laguntzak
440.000 euro, euskal zinema-aretoak digitalizatzeko
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta ICAA Zinematografia eta Ikus-Entzunezko Arteen Institutuak ordainduko dituzte laguntzok, erdi bana.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Zinematografia eta ICAA Ikus-Entzunezko Arteen Institutuak 440.000 euroko laguntza emango dute 2011n, euskal zinema-aretoak digitalizatzeko. Erdi bana ordainduko dute zenbateko hori.
Zinema-areto komertzialek zein udalen zinema-aretoek jaso ahal izango dute laguntza, baldintza zehatz batzuk betetzen baldin badituzte: eskaintzen dituzten film guztien % 40 gutxienez Europakoak eta Iberoamerikakoak izan beharko dira.
Egun, Euskadin dauden 63 zinema-aretoen % 15ek bakarrik digitalizatu dituzte kabinak. Instalazio bakoitzeko, 70.000 eta 100.000 euro arteko kostua du digitalizazio honek; beraz, 10 pantailako zinema-areto batek milioi bat euroko inbertsioa egin beharko luke.
300.000 euro 2010ean, Europako eta Iberoamerikako pelikulak eskaintzeko
Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendariak jakitera eman duenez, 2010ean 300.000 euroko laguntza eskaini zuten Europako eta Iberoamerikako pelikulak eta euskarazko azpitituluekin proiektatutako emanaldiak sustatzeko. Diru kopuru hori 29 zinema-aretotara bideratu zen.
Carlos Cuadros, ICAA institutuko zuzendariak euskal zinema-aretoetako ikusleen datuak eman ditu. Datu horien arabera, 2010ean 5.181.000 ikusle izan ziren Euskadiko zinema-aretoetan, eta 31,8 milioi euro bildu ziren bertan (aurreko urteetan 5,2 eta 5,3 milioi ikusle inguru izan zituzten euskal zinema-aretoek).
Euskadiko zinema-aretoetara joandako ikusleen % 14k Espainiako pelikulak ikusi zituzten (Estatu mailan % 12koa da datu hau).