Itxi

Zinema

Lehen film luzea

Aritz Morenok 'Ventajas de viajar en tren' filmatzen bukatu du

eitb.eus

Antonio Orejudoren eleberrian oinarritutako filma ‘thriller konspiranoikoa’ da, eta, besteak beste, Luis Tosar, Belen Cuesta, Ramon Barea eta Alberto San Juan aktoreek hartu dute parte bertan.

  • Luis Tosar eta Aritz Moreno

    Luis Tosar eta Aritz Moreno, filmatze lanetan murgilduta. Argazkia: David Herranz.

Joan den astean, Ventajas de viajar en tren Aritz Morenok zuzendu duen eta EiTBren parte hartzea duen pelikula filmatzen bukatu zuten Parisen, abendu erdialdetik Euskal Herriko hainbat tokitan filmatu eta Madrilen geldialdi labur bat egin ondoren.

Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belen Cuesta, Macarena Garcia, Javier Botet, Javier Godino, Stephanie Magnin, Gilbert Melki, Ramon Barea eta Alberto San Juan aktoreek gorpuztu dituzte “istorio bitxi eta labirintikoz beteriko thriller konspiranoiko” honetako pertsonaia “misteriotsu eta zoroak”.

Aritz Morenok zuzendu duen lehen film luzea da, eta, haren hitzetan, “filmatze lanak erokeria oso dibertigarria izan dira. Gidoia horren originala da, non proposamen bisuala ere tamainakoa izan behar baitzen, eta erronka etengabea izan da hori sormenarentzat. Pribilegioa izan da lantalde tekniko honekin lan egitea, onenak dira eta horietako asko lagunak ere bai. Gainera, ametsik baikorrenean ere ez nuen pentsatu nire lehen filmean horrelako antzezle zerrenda izango nuenik. Esperientzia izugarria izan da”.

Ventajas de viajar en tren Merry Colomerrek, Leire Apellanizek eta Juan Gordonek ekoitzi dute, Javier Agirre da argazkilaritza zuzendaria, Mikel Serrano zuzendari artistikoa, Cristobal Tapia de Veer arduratu da musikaz, Raul Lopezek editatuko du, makillajearen atzean Karmele Soler dago, ile-apainketaren atzean Olga Cruz, eta Virginie Alba arduratu da jantzigintzaz.

“Ezustekoz beteriko istorioa”

“Nire bizitza kontatzea nahi?”. Helga Pato editoreari galdera hori egingo diote trenean doala. Ondoko eserlekuan doana Angel Sanagustin da, nortasun nahasmenduetan aditua den psikiatra bat.

Bidaian, Angelek aurrez aurre sekula izan duen kasu kliniko okerrenaren historia lizun eta zoroa kontatuko dio Helgari: Martin Morales de Ubeda gaixo paranoiko oso arriskutsuak zaborra kontrol tresna gisa erabiltzen dutela pentsatzen du modu obsesiboan.

Ausaz gertatutako topaketa horrek nahitaez gidatuko du Helga Patoren eta istorioan nahasirik dauden pertsonaia guztien etorkizuna, bat-bateko aldaketak eta ezustekoak eskainiko dituen pelikulan.

Obsesioa, perbertsioa, sarkasmoa, dibertsioa, erokeria eta sofistikazioa: trenez bidaiatzearen abantailetako batzuk.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura