Zinema
Jaialdia
Jim Jarmuschek Canneseko jaialdia ireki du, zonbien film batekin
Agentziak | Erredakzioa
Alejandro Gonzalez Iñarritu buru duen epaimahai batek erabakiko du aurtengo palmaresa, besteak beste Almodovarrek eta Tarantinok osatzen duten hautagaien artean.
-
Canneseko jaialdiko epaimahaia, inaugurazio ekitaldian. Argazkia: Efe.
Canneseko jaialdiak 72. edizioa abiatu du bart, asteartearekin, ‘The dead don’t die’ Jim Jarmusch estatubatuar zinemagilearen lanarekin, Javier Bardem espainiar aktoreak irekitzat eman zuen Sail Ofizialean.
Bill Murrayk, Adam Driverrek eta Chloe Sevignyk osatutako antzezle taldeak ikusmin handia piztu zuen alfonbra gorrian; zineman, publikoak noizbehinkako barreekin eta txalo gutxi batzuekin hartu zuen filma, zeinak kontsumismoaren eta klima aldaketaren aurkako kritika politiko eta soziala aurkezten baitu, komedia ukituz.
Almodovar eta Tarantino, lehian
Jaialdiak hamabi eguneko lehia du aurretik, eta hilaren 25ean jakingo dugu hogeita bat filmetatik zeinek lortuko duen saria, tartean daudelarik “Dolor y gloria” Pedro Almodovarrena edo “Once upon a time… in Hollywood” Quentin Tarantinorena.
Azken erabakia Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagilea buru duen epaimahaiak hartuko du, besteak beste Yorgos Lanthimos greziar zinemagilearen eta Elle Fanning estatubatuar aktorearen -biak ere epaimahaikideak- iritzia entzunda.
Iñarrituk dibertsitatearen eredu gisa jarri zuen lantalde hori, Donald Trumpek eraiki nahi dituen harresien aurrean, eta erantsi zuen, aurten izango duen parte-hartzea gorabehera, “zineman eta artelanetan epaile bakarra dago, denbora”.