Zinema
Zinema estreinaldiak
Eskaintza eklektikoa, asteburuan zinema aretoetan
Erredakzioa
Water for Elephants; Priest in 3D; The Last Exorcism; eta No lo llames amor, llámalo X filmak iritsiko dira zinema aretoetara.
Oso film ezberdinak estreinatuko dituzte asteburu honetan zinema aretoetan. Water for Elephants erromantikoa, Priest in 3D maltzurra eta No lo llames amor, llámalo X komedia izango dituzte aukeran ikusleek, besteak beste.
Water for Elephants filmean, Robert Pattinson Twilight ezagunari esker famatu egin zen aktorea aurkituko dugu, Reese Witherspoom Oscar sariaren irabazlearekin batera. Sara Gruenek idatzitako eleberri batean oinarritua dagoen lan honek bere gurasoen hilketaren ostean ikasketak utzi eta zirku konpainia batean izena ematen duen gazte bati buruz hitz egiten du.
Paco León, Mariano Peña, Ana Polvorosa eta Kira Miró bildu ditu Oriol Capen zinema zuzendariak ''No lo llames amor, llámalo X'' lanean. Komedia honetan, aurrera egiteko ekoizpen pornografiko bat egitea erabaki duen galtzaile talde bat azaltzen zaigu.
Iron Man eta Superman returns lanetako efektu bereziez arduratu diren profesionalen eskutik dator Priest in 3D. Paul Bettanyk banpiroen aurka dabilen apaiz batena egiten du.
The Last Exorcism filmak 1,8 milioi dolar irabazi zituen AEBetan joan den udan, eta, orain, salmenta kopuru horiek igotzeko aukera izango du. Cotton Marcus konjuru-egilearen azkeneko egunak kontatzen ditu, Patrick Fabian eta Ashley Bell buru dituen aktore taldearen eskutik.
''Rompecabezas'' Natalia Smirnoff zuzendari argentinarraren filma arrakasta handiz eskaini zuten Berlin eta Donostiako nazioarteko zinemaldietan. María del Carmen izeneko emakume bat da protagonista, semeetako bat etxetik joatean sortutako hutsunea puzzleekin jostatuz gaindituko duena.
Farrelly anaiek ironiaz jokatzen dute Hall pass filmean. Bikotetik kanpora sexu harremanak izaten dituzten bikotekideak aurkezten dizkigute bertan. Owen Wilson, Christina Applegate, Jenna Fischer eta Jason Sudeikis dira filmeko protagonistak.