Itxi

Zinema

FANT 2011

'I saw the devil' Koreako film luzea, FANT 2011ko irabazlea

Erredakzioa

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak Kim Ji-Woonen zinta saritu du, epamahakideen hitzetan, "lan ausarta" delako. Frantrobia saria, berriz, Oskar Santos Euskadiko zuzendariarentzat izan da.

I saw the devil Koreako film luzeak eskuratu du FANT 2011 Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren golardo nagusia. Epaimahaikideek jakitera eman dutenez, erabakia "aho batez" hartu dute, hauen esanetan, Kim Ji-Woonen filmea "lan ausarta" delako eta "modu oso interesgarria" grabatu zuelako. Jin-Woonek Two sisters izenburuko beldurrezko zinta bikaina ere zuzendu zuen.

Halaber, Mads Mikkelsenek eta Jessica Schwarsek interpretatutako Die Tür Alemaniako filmeari ere aipamen berezia eman diote.

Film laburren sailean, Quedate conmigo Espainiako zinta (Zoe Berriatuak zuzendutakoa) eta St. Christophororus Roadkill lan alemaniarra saritu dituzte.

Sail berean, Jonathan van Tullekenek ekoiztutako AEBetako Off season film laburrak publikoaren saria lortu du.

Frantobia saria Oskar Santosentzat

Halaber, epaimahaiak Fantrobia golardoa eman dio Oskar Santos Euskadiko zuzendariari, genero honetan zuzendari berriak egindako lanagatik.

Santos 1972. urtean jaio zen, Bilbon. Ikusentzunezko Zientziak ikasi zuen Madrilen eta bertan Alejandro Amenabar eta Mateo Gil ezagutu zituen. 2000tik 2010 urtera arte, film laburrak ekoiztu zituen tartean, Chete Lera protagonista zuen Torre izenburuko lana. Gainera, Omar Sharifen Petits mythes urbains telesaioaren bi emanaldi zuzendu zituen (2004ean).

2010. urtean bere lehenengo film luzea zuzendu zuen: El mal ajeno, Alejandro Amenabarrek ekoiztutako eta Daniel Sanchez Arevalok idatzitako thriller psikologikoa. Filmaren protagonistak Belen Rueda eta Eduardo Noriega izan ziren.

Larunbat arratsaldean Bilbon izango da zinemagilea, azken zinta hau aurkezten, Bilboko alondegian. Pelikula honen musika Fernando Velazquez musikagilearen eskutik datorkigu, El orfanatoren filmearen musika ekoiztu eta 2008ko Fantrobia saria jaso zuena, hain zuzen ere.

Etorkizunera begira, Zipi eta Zaperen abenturen zinemarako moldaketa du eskuartean. Proiektu hau Fernando Bovairaren eta Francisco Ramosen arteko ekoizpena izango da.


Sari banaketa eta jaialdiaren itxiera ekitaldia

Behin 2011ko irabazleen izenak ezagututa, Bilboko alondegiak sari-banaketa hartu du larunbat gauean. Bertan, Britainia Handiak eta Alemaniak ekoiztutako Black dead film luzea izan da ikusgai. Film honek Donostiako Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren azken edizioa pelikula onenaren saria eskuratu zuen. Gainera, Aitzol Aramaio hil berri den zuzendariari omenaldi txikia egingo zioten.

Igande honetan amaiera emango diote aurtengo FANT edizioari. Horidela eta, Kim Ki-Youngen The housemaid eta William Friedkin maisuaren The Exorcist, eta lan saridunak proiektatuko dituzte.