Zinema
FILM LABURRAK
Korterraza jaialdiak 38 film labur eta 6 kontzertu eskainiko ditu Gasteizen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emanaldien artean ostegunean ospatuko den Film Labur Arabarraren Eguna nabarmentzen da, zinemagile arabarren 6 lanekin.
-
Gasteizko Artium museoa. Argazkia: EITB
Korterraza jaialdiaren hamargarren edizioak 38 film labur eta sei kontzertu eskainiko ditu Gasteizko Artium museoko plazan, ostegunetik larunbatera.
Estibaliz Canto Kultura zinegotziak eta Kepa Vitoria jaialdiko zuzendariak kartela eta aukeratutako film laburrak aurkeztu dituzte. Haietako 19 lehiaketako Aukeraketa Ofizialaren parte dira, aurton 8.000 eurotik gora banatuko dituena saritan.
"Film laburren aukeraketak oso maila altua dauka, eta bertaratzen den publikoak komedia dibertigarriak, dramak eta misteriozko lanak aurkituko ditu", azaldu du Vitoriak.
Gainera, aurton euskarazko bi film labur daude Aukeraketa Ofizialean: Hotzean Garbitu, Euskara Saria irabazi duena, eta Azken Otsoa.
Emanaldien artean ostegunean ospatuko den Film Labur Arabarraren Eguna nabarmentzen da, zinemagile arabarren 6 lanekin: Khuruf, Pizza, Moda, Annie & Carola, mi mejor amiga; Amargo era el postre eta Beber.
Film laburrek jaialdiko sariak irabazteko aukera izango dute, eta hiru aurreko edizioko partaideez osatutako epaimahai berezi batek aukeratuak izango dira.
Bestalde, Sex Museum, Anaut, A Contra Blues, The Brontës, Daddy's Funclub eta Dead Sequoia arduratuko dira musikaz. Saio bikoitza eskainiko dute egunero emanaldien aurretik.