Itxi

Zinema

67. edizioa

Donald Sutherland, 2019ko Zinemaldiko hirugarren Donostia saria

EiTB.EUS

Irailaren 26an emango diote saria Kursaalen, mende erdian zehar egin duen antzezpen-lan bikaina aitortzeko.

1:21
Donald Sutherland

Donald Sutherland kanadarrari emango diote Donostia saria, mende erdian zehar egin duen antzezpen-lan bikaina aitortzeko. Orotara, 200 bat ekoizpenetan hartu du parte aktoreak.

Irailaren 26an, Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan izango da Sutherland, Kursaalen jasoko baitu saria, 20:00etatik aurrera. Ondoren, Giuseppe Capotondik zuzendutako The Burnt Orange Heresy thrillerra emango dute. Lan horretan, Mick Jagger, Claes Bang eta Elizabeth Debicki aktoreekin batera azaltzen da Sutherland. Filmak Veneziako zinema-jaialdia itxiko du aurten.

Dela protagonista gisa, dela aktore lanetan, "Sutherland beti da nabarmentzeko gai", Zinemaldiko antolatzaileek ohar batean adierazi dutenez. "Talentu handiz, hamaika pertsonaiaren papera egin du", ohar horretan argitu dutenaren arabera. Halere, Hollywoodeko Akademiak ez du orain arte Oskar sarietarako izendatu, baina 2017an haren zinema ibilbidea saritu zuten ohorezko Oskarra emanda.

Donostian hilaren bukaeran egingo duten sari-banaketarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, Zinemaldiaren webgune ofizialean, 45 euroan.

Ibilbidea

Donald McNichol Sutherland 1935ean jaio zen, Saint Johnen (New Brunswick, Kanada). Ingeniari izateko asmotan zegoen, baina azkenean antzezpenaren alde egin zuen hautu, eta telesail ugaritan parte hartuz hasi zen lanean: horien artean, The Saint eta The Avengers dira nabarmengarrienak.

Pantaila handian, Il castello dei morti vivi (Warren Kiefer, 1964) Italiako izu-filmean egin zuen debuta, Christopher Leerekin batera. Lehenengo arrakasta Robert Aldrichen The Dirty Dozen (Urkamendiko hamabiak, 1967) gerra-ekoizpen klasikoarekin lortu zuen, Lee Marvin, Charles Bronson eta Telly Savalas aktoreen alboan. Genero berean, M.A.S.H. (Robert Altman, 1970), Kelly’s Heroes (Brian G. Hutton, 1970) eta Johnny Got His Gun (Dalton Trumbo, 1971) filmetan protagonista aritu zen ondoren.

Hurrengo hamarkadan ere film luze nabarmengarriak egin zituen: Ordinary Peoplen (Jende arrunta, Robert Redford, 1980) senide baten heriotzak jotako familia baten burua antzeztu zuen; eta Eye of the Needlen (1981), berriz, nazi espioi bat. Ondoren egin zituen lanetan izar handiak izan zituen alboan: besteak beste, Al Pacino (Revolution, Hugh Hudson, 1985), Sylvester Stallone (Lock Up, John Flynn, 1989) eta Marlon Brando eta Susan Sarandon (A Dry White Season, Urtaro zuri lehorra, Euzhan Palcy, 1989).

Donald Sutherlandek azkenaldian bete duen rol ezagunenetako bat Snow presidentearena da, bilau nagusia hezurmamitu baitu Jennifer Lawrence aktorea buruan lau film eman dituen The Hunger Games sagan.

Telebistan, Nicole Kidmanekin The Undoing filmatzen dabil egun, David E. Kelleyk idatzitako eta Susanne Bierrek zuzendutako sei ataleko minisail bat.