Itxi

Zinema

VENEZIAKO ZINEMA JAIALDIA

Mostra abian da Venezian, nazioarteko zinema onenaz gozatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Julie Andrewsek eta Pedro Almodovarrek merezimenduzko Urrezko Lehoia eskuratuko dute Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 76. edizioan.

1:08
Veneziako Mostrak 76. edizioari ekin dio

Veneziako Jaialdiaren 76. edizioaren sail ofiziala Hollywoodeko bi superprodukziorekin hasi da, Polanskiren, Assayasen eta Soderberghren pelikulekin batera, besteak beste. Azken urtetan, Oscar sarietara joateko bide bihurtu da Mostra jaialdia.

Aurreko edizioetan, Birdman, La La Land eta A star is born filmen estreinaldiak izan ziren Venezian. Aurten, James Grayen Ad astra eta Todd Phillipsen Joker pelikulen txanda da. Ad astra pelikulan, Brad Pitt eta Tommy Lee Jones abentura espazial baten protagonistak dira; Joker filmean, aldiz, Joaquin Phoenixek Batmanen maltzurraren papera jo du.

Guztira, hogeita bat pelikula lehiatuko dira jaialdiaren sail ofizialean eta, edizio honetan, Julie Andrewsek eta Pedro Almodovarrek merezimenduzko Urrezko Lehoia jasoko dute.

Jaialdiaren hasiera Hirokazu Kore-eda japoniarrak eskainiko du. Cannesen azken Urrezko Palma irabazitako zinegilea Europan estreinatuko da, Egia izeneko ama-alaba drama bati bururzko filmarekin, Catherine Deneuven eta Juliette Binochen eskutik.

Roman Polanskiren Ofiziala eta espia pelikularik esanguratsuenetarikoa izango da, besteak beste, Dreyfus auziari buruzko ikuspen pertsonala agerian uzten duelako Polanskik. Dreyfus judu-alemaniar jatorria duen Frantziako kapitaina 1895ean atxilotu zuten, bidegabeko traizio delitua zela eta. Hiru urte pasa eta gero, Emile Zolaren J'accuse eta beste intelektualen laguntzaz gizona birgaitu zuten.

Hala ere, 1977an adingabe bati egindako bortxaketa dela eta AEBn atxiloketa agindua jaso ondoren ihes egindako Polanski jaialdian ez egotea espero dute, Italiako estradizio akordioak direla eta. Zinegileak bideokonferentziaren bitartez parte hartuko du, seguruenik. Jean Dujardin eta Louis Garrell aktoreak zein Emmanuelle Seigner Polanskiren emaztea, berriz, Venezian arituko dira.

Canneseko jaialdian streaming plataformetako lanek ez dute parte hartzen; Venezian, aldiz, Netflixeko bi film izango dira: Steven Soderbergheren The Laundromat eta Noah Baumbachen Marriage Story. Meryl Streepek, Gary Oldmanek, Sharon Stonek eta Antonio Banderasek, besteak beste, The Laundromat Panamako paperei buruzko pelikulan lan egin dute. Marriage Story filman, Baumbachek bere dibortzioari buruzko drama kontatu du, Adam Driverren eta Scarlett Johanssonen eskutik.

Sail ofizialean, Olivier Assayas moduko zinegileak lehiatuko dira. Penelope Cruz, Gael Garcia Bernal, Edgar Ramirez eta Ana de Armas hispaniarren laguntza izan du Assayasek Wasp network filman Miamin Kubako espia batzuen istorioa filmatzeko.

Horrez gain, 2014an Urrezko Lehoia eskuratu zuen Roy Andersson suediarra About endlessness pelikularekin lehiatuko da; eta Robert Guediguian frantsesa Gloria Mundi izeneko lanarekin bueltatuko da.

Latinoamerikako bi zinegile ospetsu lehiatuko dira sail ofizialean: Ema aurkeztuko duen Pablo Larrain txiletarra eta Waiting for the barbarians filmarekin AEBko zineman debuta egingo duen Ciro Guerra kolonbiarra. Adopzio bat gaizki ateratzen zaien bikotekidearen esperientziari buruzko filma da Ema, eta Gael Garcia Bernal eta Mariana di Girolamo aritu dira. Waiting for the barbarians J.M.Coetzee liburuaren adaptazioa da; horretan, Johnny Deppek eta Robert Pattinsonek egin dute lan.

Txapelketatik kanpo

Rock and roll giroa Mick Jaggerren esku utzi dute, The burnt orange heresy filmaren protagonista delako. Jaggerrekin batera, Roger Waters Pink Floyd taldeko konpositoreak Europan egindako azken birari buruzko dokumentala aurkeztuko du.

Era berean, Costa-Gavras greziarraren Adults in the room pelikula proiektatuko dute. Amazonen produkzio horretan, Kristen Stewartek Jean Seberg aktorearen papera antzeztuko du. Timothée Chalamet aktorearen eta Joel Edgerton gidoilariaren eskutik, David Michoden The King ere Venezian izango da.

Gainera, bi telesaileko debuta izango da: The new pope, Paolo Sorrentinoren The young poperen bigarren partea, John Malkovich eta Jude Law aktoreen eskutik; eta ZeroZeroZero, Italiako hegoaldean kokainako negozioari buruz Roberto Savianok idatzitako liburuaren adaptazioa.

Horizontes sailean, bukatzeko, Nafarroako Oskar Alegriaren Zumiriki eta Madrilgo Rodrigo Sorogoyenen Ama ¿filmak proiektatuko dituzte.