Itxi

Zinema

Gipuzkoa

Filmatzeetan 'historikoa' izango da 2019 San Sebastian-Gipuzkoa Film Commisionentzat

eitb.eus

2018an 87 filmazio egin zituzten Gipuzkoan, eta horrek 4,2 milioi euroko zuzeneko inbertsioa ekarri zuen lurraldearentzat. Aurten Woody Allenen pelikularen grabaketa nabarmendu da.

  • Woody Allen, Donostian lanean.

    Woody Allen, Donostian lanean. Argazkia: EFE

Filmazioei dagokienez, "urte historikoa" izango da 2019 Donostia eta Gipuzkoarentzat, lurraldeko Film Commisionen arabera. Aurten egin diren proiektuen "garrantzia eta kalitatea" azpimarratu du batzordeak.

2018an 87 filmatze egin ziren Gipuzkoan, eta horrek 4,2 milioi euroko zuzeneko inbertsioa ekarri zuen lurraldearentzat. Filmatutako proiektuen aurrekontua 9 milioi eurokoa izan zen guztira.

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commisionek filmazioak errazteko 184 baimen tramitatu zituen. Gehienak (% 47) telebistarako izan ziren; jarraian, zinema, lau film luzerekin (% 20), eta bideoa (% 23).

Pelikulek hiriburuaren eta lurraldearen irudietan duten oihartzunaz gain, "produkzioek sortutako aberastasuna" ere azpimarratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak.

"Gipuzkoa zinema plato erraldoi bat da, eta zaindu, kudeatu eta ezagutarazi egin behar dugu, zinemak duen balio immateriala ukaezina baita, kanpo proiekzioari eta erakargarritasunari dagokienez, baina balio horri aberastasuna eta enplegua sortzeko duen gaitasuna gehitu behar diogu", nabarmendu du Denis Itxasok.

Kultura diputatuaren arabera, batzordearen helburua betetzen ari da: "zinemaren industria lurraldearen irudiarentzako erakusleiho gisa ikusteaz gain, aukera ekonomiko gisa ere ikusi behar dugu, talentua erakartzeko aukera gisa".

Ernesto Gasco Donostiako Ekonomia Bultzatzeko Departamentuko zinegotziarentzat "tokiko sektore zinematografikoaren eta ikus-entzunezkoaren dinamismoa ez ezik, lurraldeak ikus-entzunezko filmaketak egiteko duen erakarpen-ahalmenaren" isla dira datuak.

Bi telebistarako serie eta Allenen pelikula

2018an Soinujolearen semea, Ventajas de viajar en tren, La trinchera infinita eta Agur Etxebeste grabatu ziren Gipuzkoan, baita Allí abajo seriearen kapitulu batzuk eta BBCrako, NHKrako eta Lonely Planetetako gastronomiari buruzko saioak.

2019an, Woody Allenek sei astetan zehar soilik Gipuzkoan grabatu duen pelikula (Rifkin's Festival) nabarmendu dute, "jauzi kaulitatiboa" delako. Film Commisionentzat, "lurraldea leku aproposa izatera iritsi da maila goreneko pelikulak filmatzeko". Bulebarra, Kontxako hondartza, Miramar Jauregia eta Kursaala, baita Zumaia eta Pasaia ere, zuzendari estatubatuarraren pelikulan ikusi ahalko dira.

Gainera, Fernando Arambururen Patria liburuaren moldaketa nabarmendu du San Sebastian-Gipuzkoa Film Commisionek. HBOk ekoiztutako serie hori "Donostian filmatzeen ondorioz egindako ekinaldirik handienetarikoa" da. Bulebarra 80ko eta 90eko hamarkadako itxura izateko dekoratu zuten.

Gainera, Movistarreko La línea invisible seriea eta Pablo Aguero argentinarrak zuzendutako Akelarre pelikula ere grabatu dute.