Itxi

Zinema

Jaialdia

'El hoyo' Galder Gaztelu-Urrutiaren filmak jakin-mina piztu du Torontoko zinemaldian

Efe

Gaztelu-Urrutiaren lehenengo film luzea oso ondo hartu dute Kanadako zinema-jaialdian, nola kritikariek hala industriaren ordezkariek.

  • "El hoyo"

    EiTBren parte-hartzea du "El hoyo" pelikulak

El hoyo Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren filmak ustekabea eman du Midnight Madness Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren programan, EiTBren parte-hartzea duen pelikularen nazioarteko estreinan.

"Poz-pozik noa. Pelikula aurkeztu nuenean, 25 ordu baino gehiago neramatzan esna, eta, goizaldeko hiruretan hotelera itzuli nintzenean, emozioaren emozioaz, asko kostatu zitzaidan lotara joatea. Biharamunean, iruzkinak oso onak ziren. Oso pozik eta esker oneko nago”, esan du Gaztelu-Urrutiak.

Now Magazine aldizkariak, Torontoko ospetsuenetako batek, esaterako, Midnight Madness saileko publikoaren saria irabazteko hautagai nagusitzat jo du El hoyo filma.

Baina publikoari ez ezik, nazioarteko industriaren ordezkariei ere gustatu zaie Gaztelu-Urrutiaren filma. "Oso jaialdi mugitua izan dut, pelikulak horren ondo funtzionatu duenez, eta bilera asko egin ditut interesa agertu duen jende mordo batekin", azaldu du zuzendariak. Arrakastaren erakusgarri, Netflixek pelikularen eskubideak erosi ditut mundu osorako, Asiako hainbat herrialdetarako izan ezik.

El hoyo gizarte parabola bat da: jende talde bat egitura bertikal batean gatibu dago, erdian zulo bat dago eta hutsune horretatik janaria eskaintzen duen hormigoizko plataforma bat jaisten da egunero.

Atzo bertan, pelikulak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astea irekiko duela iragarri zuten.