Itxi

Zinema

Elkarrizketa

Alice Waddington: 'Norbera izateko askatasuna du hizpide ‘Paradise Hills’ek'

Natxo Velez | eitb.eus

Bilbotar zinemagileak ‘Paradise Hills’ aurkeztuko du gaurdanik aretoetan, nazioarteko antzeztaldea duen eta, besteak beste, Sundance eta Sitgeseko jaialdietan erakutsi duten fantasiazko drama.

  • Alice Waddington

    Alice Waddingtonen lehen film luzea da 'Paradise Hills'

Paradise Hills Alice Waddington bilbotar zinemagilearen pelikula zinema aretoetara iritsiko da gaur, ostiralarekin. “Ihes egiteko eta ondo pasatzeko” filma da, zuzendariaren hitzetan, nazioarteko aktore talde batek (Eliza González, Emma Roberts, Milla Jovovich, Danielle Macdonald, Awkwafina) interpretatutako lana.

Estetika oso zaindu eta aberatsaz, filma neska gazteentzako barnetegi batean kokatuta dago, familia aberatsek alabak “emakume eredugarri” bihurtzeko hautatzen duten urrezko kaiola batean.

Zinemagilearekin hitz egin dugu, eta egunak joan eta egunak etorri bikainak izateko betebeharrarekin bizi behar duten gazteak bultzatu ditu pelikulak irauten duen laurogeita hamar minutuetan “erreskatatzerik behar ez duen printzesa izatera”.

Nola sortu zen Paradise Hills?

Fantastic Fest jaialdian hasi zen dena, Austinen, Paradise Hills-ekin film luze baterako proiektu onenaren saria irabazi nuenean. Han, Guillermo del Toro ezagutu nuen, eta, AEBko nire agentearen eta managerraren bidez, Nuria Valls eta Adrian Guerra ekoizleengana eraman ninduen.

2015ean, Sitgesen, bat egin genuen berriro elkarrekin, bertan film laburra aurkezten ari nintzela. Paradise Hills-en proiektua erakutsi nien orduan, eta ekoiztea erabaki zuten.

Orduan hasi zinen Brian DeLeeuwrekin eta Nacho Vigalondorekin gidoia garatzen?

Bai, Nacho Vigalondo nik batu nuen proiektura. Laguna dut, duela zazpi urtetik, eta inspirazio handia izan zen nire aurreko film laburra egiteko. Bestalde, ekoizleek Brian DeLeeuw amerikar gidoilariarekin hitz egin zuten.

Horrela, gidoia idazten hasi ginen, Sofia Cuencaren eta bion ideia batetik abiatuta. Brianek eta Nachok idazten zuten bitartean, nik kontzeptuak sortzen nituen, agertoki eta jantzietarako irudi eta zirriborroak, eta bi lantaldeok elkar elikatu genuen.

Argazkia: Manolo Pavón.

Zuk, gainera, moda munduan egin duzu lan aurretik. Esperientzia horrek guztiak lagunduko zizun pelikularen alde bisuala lantzeko.

Baietz esango nuke, modan eta publizitatean egin dut lan, 16 urte nituela zineman hasi aurretik, Ander Roberto Castonen pelikulan argazkilaritza-laguntzaile moduan lanean.

Horren ondoren, Kike Lopez argazkilaritza-zuzendariari laguntzen jarraitu nuen, EHUn ikasten hasi nintzen arte. Pizgarri oso handia izan zen Borja Cobeagak eta Nacho Vigalondok, Oscarrerako izendatuta egon diren bi zinemagilek, ikasi zuten toki berean ikastea.

Publizitatean, aurrekoizpenaren eta postprodukzioaren ingurukoak ikasi nituen, eta beste lan batzuetan aritu nintzen, kutxazain gisa, esaterako. Orduan, egun batean, Nachok Judex Georges Franjuren filma jarri zidan, eta Disco Inferno nire lehen film luzea egitera bultzatu ninduen. Horrekin, hirurogeita hamar jaialdi baino gehiagotara joan nintzen, eta zineman aritu ahal izateko moduan jarri ninduen.

Nacho Vigalondo, beraz, konstantea da zure ibilbidean.

Erabat, inspirazio handia izan da nire ibilbidean. Are gehiago, bion lehen film laburrak zuri-beltzezkoak dira, EHUn ikasi genuen, fantasiazko zinemaren alorrean ari gara lanean eta bihotzeko lagunak gara.

Argazkia: Manolo Pavón.

Eta eskarmentu hori guztia izanda, nola asmatu zenuen Paradise Hills-ek duen fantasiazko mundua?

Pelikulak oso mundu bisual aberatsa du, eta han eta hemen aurkitu dut horretarako inspirazioa. Batetik, ipuina da, eta horietan interesgarriena da, ezagutzen ditugunez gero, nahieran molda ditzakegula. 

Bestalde, ekoizpen diseinua Laia Colet katalanaren esku egon da, eta pelikulan hamaika filmen oihartzuna aurki daiteke: El abominable Dr. Phibes eta El prisionero-tik hasi eta La fuga de Logan-eraino, tartean, horren agerikoa ez bada ere, Daughters of the Dust dagoela, adibidez.

Jantzien diseinatzailea Alberto Valcarcel izan da, eta berak ere denetariko erreferentziak erabili zituen, hala nola XIV. eta XIX. mendeko kortseak, “Final Fantasy” eta beste bideo joko batzuk eta Grace Jonesen 80ko hamarkadako bideoklipak. Tira, ikusten duzunez, ez diogu ezeri atea itxi.

Baina estetika zaindu horrek hain ederra ez den mundua gordetzen du.

Esango nuke Paradise Hills hausnarketarako pelikula dela, eduki emozional indartsua duena, baina entretenitzeko filma da, audientzia handientzako aproposa.

13 eta 18 urte arteko neska-mutilentzako pelikula bat da, baina, era berean, azkenaldian guraso asko hurreratu zaizkit, eta esan didate seme-alabekin askatasun indibidualaz eta beste gai labain batzuez hitz egiteko baliabide gisa erabili dutela.

Argazkia: Manolo Pavón.

Eta nola bilatu duzu entretenimenduaren eta mezuaren arteko oreka?

Beste ezeren gainetik, entretenimenduzko pelikula da, ez da pelikula politikoa. Norbera izateko askatasuna du hizpide.

Gaur egungo gai bat jorratu nahi genuen: gazteek, on line egoteko, abatar bat asmatu behar izatea. Oso zalantzan jartzen dut irudian oinarritutako sare sozialen gaia: inoiz aski bikainak izango ez direla etengabe esaten dien mundurako leiho bat jarri diegu eskura.

Horren aurrean, esan behar diegu ez dutela zertan aldatu beste pertsona batzuen arabera, diren moduan maitatuko eta estimatuko dituztenak aurkitu behar dituzte.

Pelikula Sundance eta Sitgeseko jaialdietan erakutsi duzu dagoeneko. Zer ematen dio horrek lehen film luze bati? Zer harrera izan duzue?

Egia esan, jaialdi askotan izan gara, eta oso interesgarria izaten ari da esperientzia. Sitges bezalako generoko jaialdi batean 1.200 pertsonarentzako emanaldia egin genuen, eta bigarren proiekzioa ere mukuru bete zen.

Ikaragarria da egun plataforma hori edukitzea, kontuan hartuta duela lau urte Kale Nagusiko Zara batean arropa biltzen ari nintzela eta nire film laburra Sitgesen areto txikiagoetan jartzen. Nik neuk igartzen dut eboluzio hori, eta bertigoa ematen dit batzuetan.

Eta eboluzio horretaz ari garela, zure hurrengo proiektuek AEBra eramango zaituzte, eta handitzen doaz.

Bai, nire hurrengo proiektua estatubatuar film bat da: Scarlet du izena, eta Michael Costigan Brokeback Mountain-eko ekoizleak ekoitziko du. Oso istorio amerikarra da, eta oraingoz esan dezakedan gauza bakarra da LGTBQ film historikoa dela.

Horrez gain, fantasiazko eleberri batzuetan oinarritutako telesail baten proiektua ere badut esku artean, baina, zoritxarrez, horri buruz ere ezin dut gauza handirik argitu. Fantasiazko eta beldurrezko zinemaren barruan dauden proiektuak daudela esan diezazuket.

Nola ikusten duzu gaur egungo euskal zinema urrundik?

Aurreko batean, hain justu, berriz ikusi nuen Handia, eta txundituta nauka. Oso garrantzitsua iruditzen zait euskal filmetan munduak sortzea, Errementari-k ere egiten duen bezala. Bi filmok agerian uzten dute euskal zinema ez dela Europako gainerako lurraldeetan egiten dena baino gutxiago.

Donostian, La trinchera infinita ere ikusi nuen, eta uste dut pelikula ederra dela, ahalmen handikoa.