Itxi

Zinema

Zinema

'Ez izan beldurrik' Armendarizen filma, Karlovy Varyko zinemaldian

Erredakzioa

Beste 11 pelikularekin arituko da lehian, Karlovy Varyko zinemaldiko 46. edizioan. Uztailaren 1etik 9ra bitartean egingo dute zinema jaialdia, Txekiar Errepublikan.

Ez izan beldurrik Montxo Armendariz zinemagilearen azken lana Karlovy Varyko zinemaldiaren 46. edizioan izango da. Uztailaren 1etik 9ra bitartean egingo dute jaialdia, Txekiar Errepublikan, eta beste 11 pelikularekin lehiatuko da Armendarizek estreinatu berri duen filma.

Michelle Jenner aktoreak gorpuztu du pertsonaia nagusia: Silvia. Haurtzaroan abusuak jasan ostean, horrek utzitako arrastoei aurre egingo die 25 urterekin. Belen Rueda eta Lluis Homar aktoreak dira Silviaren gurasoak film honetan. Horiekin batera, Rubén Ochandiano, Javier Pereira eta Elvira Mínguez aktoreak ere aritu dira. Iranzu Erro, Ainhoa Quintana, Irene Cervantes eta Maider Salas hasiberriek osatu dute bertan parte hartu duten aktoreen zerrenda.

Guztira, 180 film luze eskainiko dituzte Karlovy Varyko zinemaldian, horietatik 54, estreinaldiak. Aurten, Judi Dench aktore britainiarra eta John Turturro zuzendari estatubatuarra sarituko ditu Txekiar Errepublikako zinema jaialdi honek.