Zinema
Argazki-zuzendaria
Jose Luis Alcainerentzat, Zinema Akademiaren Urrezko Domina
Erredakzioa
''La piel que habito Pedro Almodovarren pelikulan argia lantzen agertutako trebetasunagatik'' saritu dute argazki-zuzendaria.
Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariarentzat izango da aurten Espainiako Zinema eta Arte eta Zientzien Akademiaren Urrezko Domina. ''''La piel que habito Pedro Almodovarren pelikulan argia lantzen agertutako trebetasunagatik'''' saritu dute Alcaine. Canneseko zinemaldian ere Vulcain saria eskuratu zuen Almodovarren azken pelikulari esker.
Astearte honetan eman dute jakitera sariaren irabazlea, eta, urriaren 4an egingo dute sari banaketa, Madrilgo Reina Sofia Museoan.
Estatuan zein nazioarte mailan izen handiko argazki-zuzendaria da Alcaine. 1989an Zinematografia Sari Nazionala eskuratu zuen, eta, besteak beste, bost Goya sari ere irabazi ditu.
Tangerren jaio zen, orain 72 urte. Pedro Almodovar, Bigas Luna, Emilio Martinez Lazaro, Luis Puenzo, Jose Luis Garcia Sanchez, Vicente Aranda, Fernando Trueba, Adolfo Aristarain eta John Malkovich zinema zuzendariekin lan egin du, 120 pelikula baino gehiagotan. Demonios en el jardín, El sur, Tasio, La corte del faraón, El viaje a ninguna parte, íAy, Carmela!, Amantes, Jamón, jamón, Belle Epoque, Roma, Al sur de Granada, Las trece rosas eta Pasos de baile dira ezagunenetako batzuk.
Joan den urtean Rosa Maria Sardak jaso zuen Zinema Akademiaren Urrezko Domina. Carmen Maura, Fernando Rey, Carlos Saura, José Luis Borau, Fernando Fernán Gomez, Antonio Banderas, Geraldine Chaplin eta Maribel Verdú ere saritu izan dituzte.