Itxi

Zinema

EUSKAL ZINEMA

"El hoyo" Euskal filma, ikusiena Netflixen AEBn eta Espainian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Filmak film onenaren, zuzendari berriaren eta publikoaren sariak jaso ditu Sitgeseko fantasiazko zinema jaialdian.

  • "El hoyo" filmaren kartela

    "El hoyo" filmaren kartela. Artxiboko irudia.

El Hoyo Galder Gaztelu-Urrutia bilbotar zinemagilearen opera prima da, Ameriketako Estatu Batuetan Netflixen gehien ikusi dena, baita Espainian eta beste herrialde askotan ere, Basque Films ekoiztetxeak iragarri duenez.

Filma azaroaren 7an estreinatu zen Espainiako zinema-aretoetan, Sitgeseko fantasiazko zinema jaialdian film onenaren, zuzendari berriaren eta publikoaren sariak lortu ondoren.

Joan den martxoaren 20an Netflixera iritsi zen, eta lehen egunean ikusiena izan zen Espainian. Orain postu hori Ameriketako Estatu Batuetara iritsi da The Platform (plataforma) izenarekin.

Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren opera prima da, Bilboko Zorrotza auzoan filmatutakoa, eta Ivan Messague aktore bizkaitarra, Zorion Eguileor aktore beteranoa eta Antonia San Juan ditu protagonista.

Argumentua zientzia-fikziozkoa eta xumea da: espetxe bertikal bat, pisu bakoitzean bi preso dituena, erdian zulo batez lotuta (izenburuaren zuloa). Presoek goiko ziegako presoek uzten dietena baino ezin dute jan, beherantz doan mahai-plataforma batean, hasieran janariz gainezka, azkenean hutsik.

Klase borrokaren metafora bat, konfinamendu garai hauekin lotzen duena, eta munduan 167 milioi harpidedun dituen plataforma batean arrakasta duena.