Zinemaldia 2024
Jaialdia
EITBk eta Zinemaldiak elkarrekin bidea egiten jarraituko dute
Erredakzioa
Kolaboratzaile izateaz gain Zinemira sekzioko elkarlana sendotu dute eta EITBk El precio de la libertad telebistarako filma estreinatuko du.
EITBk eta Donostiako Zinemaldiak lankidetza hitzarmena berritu dute eta itun honi esker, EITBk, telebista irrati eta internet bidez, Zinemaldiaren jarraipen zabala egingo du hedabide guztietan. Jaialdiaren baitan, berriz, Ana Murugarrenek ETBrako egindako El precio de la libertad telebistako filmaren estreinaldia izango da. Mario Onaindiaren bizitza ardatz duen lan honen aurkezpena irailaren 19an egingo da Victoria Eugenia antzokian.
EITB Zinemaldiaren kolaboratzaile izatea ez ezik, Zinemira-Euskal Zinearen Panorama sailaren babesle izateari eutsiko dio. Zinemira saileko bost pelikuletan egongo da: Arriya, Un mundo casi perfecto, Naufragio, Bi Anai eta El último paso. Horrez gain, beste bi filmetan ere egongo dra. Lehiaketaz kanpo aurkeztuko den Bertsolari-n eta Zabaltegin emango den Urte berri on, amona.
Zinemaldiaren jarraipen zabala egingo du Euskal Irrati Telebistak, ETB, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea eta eitb.com-en. Irailaren 16an hasiera ekitaldia eskainiko du ETB-1ek. Glenn Close aktoreari emango zaion Donostia Saria ere ikus ahal izango da ETBn hilaren 18an eta irailaren 24an aurtengo Zinemaldiari agur esateko gala eskainiko dute. Ikuskizun berezi hauek telebistaz ez ezik eitb.com-ek ere zuzenean emango ditu.
'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegien edizio guztietan eta 'Euskadi Directo'n zinema-jaialdiari tarte berezia eskainiko diote.
Zinemaldiaren inguruko edukiak telebistako beste saioen bitartez ere zabalduko dira, eta eitb.com, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere adi-adi jarraituko dute bederatzi egunetan Donostian gertatuko den guztia.