Zinema
Lehiaketa
Manhattan Short Film Festival jaialdia Bilbon da bosgarren urtez
Erredakzioa
EITBko Multibox aretoan jarraitu ahal izango da, 19:00etan. Emanaldia irekia da, eta parte hartzeko manhattanshort@eitb.com helbide elektronikora izen-abizenak bidali behar dira.
Bilboko publikoak 2011eko Manhattan Short Film Festival jaialdian parte hartzeko eta botoa emateko aukera izango du gaur.
Bost kontinenteetako 250 hiritan 100.000 lagun baino gehiago elkartuko dira jaialdiaren 14. edizioa jarraitzeko. Zinema, galeria, museo eta kafetegietan bilduko dira film laburrez gozatzeko, eta irabazlea euren botoen bidez aukeratzeko. Bilbok Jaialdiaren azken lau edizioetan hartu du parte, eta irabazlea mundu osoko ikuslekin batera aukeratu ahal izan du.
Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta EITBk antolatua, eta Cineclub FASen parte hartzearekin, EITBko Multibox aretoan jarraitu ahal izango da Jaialdia, arratsaldeko 19:00etan. Emanaldia irekia da, eta parte hartu ahal izateko manhattanshort@eitb.com helbide elektronikora izen-abizenak bidali behar dira.
One Week, One World, One Festival goiburuak adierazten du Manhattan Short Jaialdiaren filosofia. Astebetean, munduko hainbat aretotan, edizio honetako 10 film labur finalisten emanaldiak antolatuko dira, eta publikoa izango da irabazlea aukeratuko duena. Ikusle bakoitzak boto-txartel bat jasoko du emanaldiara sartzen denean, eta proiektatutako film laburren artean gogokoenari eman beharko dio botoa. Proiekzioa bukatutakoan txartelak jaso, eta zenbaketa egingo da. Bozketaren emaitza e-mail bidez bidaliko da Manhattanera. Mundu osoko boto guztiak zenbatu ondoren, irabazlea datorren urriaren 2an jakinaraziko da, New York hirian egingo den ekitaldi batean.
Chelyabinsk, Viena, New York, Adelaida, Tangier, Buenos Aires, Cancun, San Frantzisko... eta Bilbo. Bilboko hiritarrek Jaialdiaren azken lau edizioetan parte hartzeko aukera izan dute, eta mundu osoko publikoarekin batera aukeratu dute film labur irabazlea.
HAMAR FILM LABUR
Irailaren 23an EITBren egoitzako Multibox Aretoan 10 film labur finalistak izango dira ikusgai:
- “Incident by a bank”. Ruben Ostlund (Suedia)
- “Dik”. Christopher Stollery (Australia)
- “Mak”. Geraldine Zosso (Suitza)
-“I Love Luci”. Colin Kennedy (Eskozia)
-“The Legend of Beaver Dam”. Jerome Sable eta Eli Batalion (Kanada)
-“Sexting”. Neil LaBute (AEB)
-“The Forest”. Kárpáti György Mór (Hungaria)
-“A Doctor Job”. Julio Ramos (Peru)
-“David and Goliath”. George Zaverdas (AEB)
-“Martyr Friday”. Abu Bakr Shawky (Egipto)
Manhattan Short Film Festival topaketaren helburua film-formatu laburraren promozioa egitea da, sortzaileei babesa ematea, eta munduko ikusle guztiei proiektu honetan parte hartzeko aukera eskaintzea. Manhattan Short film laburren jaialdiaren aurreko edizioetan parte hartutako hainbat lanek Oscar saria irabazi dute film laburren atalean, eta Sundance, Britainia Handiko Bafta eta halako jaialdi entsutetzuetan hautatu dira.