Zinemaldia 2024
Iruzkina
Beyoncé, Mike Oldfield eta Lady Gaga, Zinemaldian
Arkaitz Villar
Zinema egiteko modu erabat ezberdina erakusten dute 'Las acacias' eta 'Marzianotarrak' pelikulek.
-
'Los Marziano'. Foto: Zinemaldia
Aste honetan zehar, Zinemaldiko emanaldi interesgarrienetako batzuetan egoteko aukera izan dugu: prentsarako paseak. Egunero, zinema-areto ezberdinetan egiten dira prentsarako emanaldi bereziak (bereziki Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian izaten dira hitzorduak). Tranpadun emanaldi hauetan hainbat bitxikeria aurkitzeko aukera egoten da.
Hasteko, konturatu gara sakelako telefonoen tonuetan Beyoncé eta Lady Gaga daudela punta-puntan, telefonoa ez itzaltzea klasiko bihurtu baita jaialdi honetan. Badakizue: Twitterrekin lotutako kazetaritza, edo Twisterrekin esango nuke nik. Mundua jendearen mugikorrean hasi eta bukatzen dela ematen du. Hanka sartze handia sare sozialak sakelako telefonoetara eramatea.
Momenturik onena 'Bizitzaren zuhaitza (The Tree of life)' lanaren emanaldian bizi izan genuen. Pelikularen azken eszenan ginela, ‘El exorcista’ pelikulako soinu bandako Mike Oldfielden doinua entzun zen. Eskerrak inork ez zuela antzokiko hormetan gora egin, burua biratuta. Nik, bada-ezpada, anoraka jantzi nuen, okaz babesteko.
Beste batzuek isileaduta edo bibragailua jarrita izaten dute telefonoa. ''Hauek bai jatorrak'', pentsatzen duzu. ''Benetan jatorrak''. Baina, orduan, Facebooken kuxkuxean hasten dira, perfila eguneratzen, txateatzen....
Beste talde berezi baten jarrera ere aipatzekoa da: atzo Coca-Cola poto batzuk zinema-areto barrura ekarri zituen taldea. Ohiko 'litroak', baina soft bertsioan. Potoak ireki, horietako bat lurrera bota, potoa lurretik biraka... Hauen hoteleko gelara ez nazatela gonbidatu, please.
Zinemari dagokionez, badirudi gaurkoan Argentinako enbaxada iritsi zaigula Zinemaldira. Goizeko emanaldia, alfer-hour ere deitua, ‘Las Acacias’ lanarekin ireki dugu. Armonika euskal produkzio-etxearen laguntzarekin egindako lana da, eta Cannesen saritu berri dute (lan berri onenaren Caméra d’Or saria irabazi du). Ruben kamioilariaren bidaia kontatzen digu Pablo Giorgelli zuzendariaren lanak. Paraguaitik Buenos Airesera doa Ruben, eta bidean Jacinta eta, espero ez bazuen ere, Anahí bost hilabeteko alaba izango ditu lagun. Paisaiak leku nabarmena du lan honetan, eta, argazkilaritza kontuetan lan bikaina egin badute ere, azkenean luzea eta astuna egiten da. Horrelako filmetako geldotasunera ohituta ez bazaude, loak ere har zaitzake.
Ondoren, 'Marzianotarrak' (Ana Kratz) lanaren emanaldira joan gara, eta bertan genituen Epaimahai Ofizialeko kideak. Pelikula hasi baino lehen, Bai Ling aktoreak egindako modelo pasea ikusteko aukera izan dugu: sarrerako korridorean gora eta behera, barandan atseden hartu, eta hori dena eguzkitako betaurrekoak jantzita (zinema-areto barruan egonda ere). Ajearekin egongo ote da gizajoa eta argiak min emango ote dio? Atsegina ematen du, baina emanaldia hasi baino lehen eskaini duen ikuskizuna lekuz kanpo ez ote zegoen pentsatu dugu.
Gainerakoan, hasieran ez dugu ulertu Kratzek nora eraman nahi gintuen, baina, denborarekin, pelikulak harrapatu egin gaitu, eta irribarrea ere atera digu, pertsonaien elkarrizketen bidez. Istorio xumea da, ulertzen erraza, eta digeritzen erosoa. Eskertzekoa da, beraz, Juane eta Luis liskarra izan duten anaien eta horien arteko ika-mika bukatu nahi duten senideen inguruko proposamena. Egokia.
Eta, hau idazten gaudela, atzean dugun tipoa Atletico Madrilek joan den jardunaldia sartutako golak ikusten ari da, Youtuben. Zinema, bai gauza ederra!