Itxi

Zinemaldia 2024

Iritzia

Michael Fassbenderrekin poteoan

Arkaitz Villar

Konplexutasunik gabe, 'Americano' eta 'Le Havre' filmek zapore gozoa utzi digute Zinemaldiaren azken txanpa honetan.

00:27
Venezian saria jaso ondoren, Donostian da Michael Fassbender

Jaialdiko "fan momentua" izan genuen atzo. 'Americano' lanetik irten berri, Trinitate enparantzan ardo bat edaten ari ginen bitartean, Michael Fassbender ikusi genuen, alboko taberna batean. Sartu ginen, noski, eta Fassbenderren zain geundela (beste ardo kopa bat eskuan) portugaldar bat agertu zitzaigun. Mourinhok eta Pepek (elkarrekin) baino arrisku gehiago zuen: 'Ba al duzue Blackberryrako kargagailu bat?'. Sekulako 'bon vivant' itxura zuen: holiday eta business apur bat egiteko aitzakiarekin, Donostiara etorria. Bizizale bat, alegia. 

Tipoa joan ostean, MIchael Fassbender agertu zen eta kuadrillako emakumeen zorabioa heldu zen. Zein majoa, zein guapoa, zein atsegina... niri hau esan dit, niri beste hau, etab. Momentu handi horietako bat. Bitartean, ardoa amaitu eta gizonezkoek horrelako egoeretan ohikoak diren analisiak egin genituen: "ba ez da hain guapoa, ezta altua ere... eta aktore kaskarra da. Ziur hankartekoa motz-motza duela", etab.

Zinemagintzari dagokionez, Aki Kaurismakik 'Le Havre' aurkeztu du: bere estiloari lotutako zinta da, asebete gaitu eta zapore ezinhobea utzi digu. Beste zuzendari askoren arrakastarik gabeko esperimentuetan erori gabe, Marcel Marxen istorioan oinarritzen da, etorkin bati poliziatik ihes egitera laguntzen dion bohemio bat, bere emazte gaixoari laguntzen dion bitartean. Eguneroko istorio bat da, baikorra eta ez dira ez umore ikutuak, ez Kaurismakiren pertsonaia ohikoak falta.

Aretora sartu aurretik ez nuen Mathieu Demyren pelikularekin (gogoratu Jacques Demy bere aitari atzerabegirakoa eskaintzen diola aurten) ezer jakin nahi. 'Americano' road movie antzeko bat da eta Martin protagonistaren papera egiten du Mathieu Demy berak. Erantzunen bila dabil. Salma Hayek, Geraldine Chaplin, Chiara Mastroianni eta Carlos Bardemek parte hartzen dute pelikulan: sekulako soinu banda du eta estetika bikaina. Baina gidoiak buelta gehiegi ematen ditu eta pisua kentzen dio filmari.