Itxi

Zinema

Urriak 5-14

Zinemakumeak Gara! jaialdiak mende laurdena ospatuko du

Emakumeek egindako zinemaren Bilboko erakusketak proiekzio ziklo bat, mahai inguruak eta bestelako topaketak eskainiko ditu.

  • "Arima"

    Jaione Camborda zuzendariak "Arima" filma estreinatuko du

Zinemakumeak Gara! emakumeek egindako zinemaren Bilboko erakusketak mende laurdena ospatuko du 2020. urte arraro honetan, eta proiekzio zikloa, mahai inguruak eta hainbat gonbidaturekiko topaketak prestatu dituzte horretarako, Bilborocken, Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan, Azkuna Zentroko auditorioan eta, aurten lehenengoz, Portugaleten, Zallan eta Basaurin ere.

Erakusketa urriaren 5etik 14ra egingo dute, eta Jaione Camborda (“Arima”), Paula Cons (“La isla de las mentiras”) eta Nuria Gimenez (“My Mexican Bretzel”) zuzendariak bertaratuko dira beren lehen film luzeak Bilbon estreinatzera.  

Gainera, Ana Carrasco Conde filosofoak, Edurne Portela idazleak eta Laura Casielles poeta eta kazetariak kulturaren etorkizunari buruzko solasaldia izango dute urriaren 13an, Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan.

Halaber, amerikar zinema independentearen zirkuituko hiru pelikula azpimarragarri estreinatuko dituzte jaialdian: “Wanda” (Barbara Loden), “River of Grass” (Kelly Reichardt) eta “Daughters of the Dust” (Julie Dash).

Bere 25. urteurrenean, Zinemakumeak Gara! jaialdiak kulturaren eta feminismoaren lubakietan 25 urtez egindako bidearen gaineko hausnarketa egin nahi du, pandemiaren efektuek eta etorkizun dudazko batek markatutako garai batean.