Zinema
Urriaren 13tik 28ra
Emakumeek Egindako Zinema zikloaren XVI. edizioa egingo dute Bilbon
Erredakzioa
Aizpea Goenagak Simone de Beauvoir saria jaso du, eta Xprest!Aux film laburren maratoia izango da aurtengo berritasun nagusia.
-
Aizpea Goenagak Simone de Beauvoir saria jasoko du.
Simone de Beauvoir elkarte feministak eta Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Hiritarrak sailak Emakumeek Egindako Zinema zikloaren XVI. edizioa antolatu dute. BBK aretoan egingo dira emanaldiak, urriaren 13tik 28ra.
Zinema zuzendari, aktore eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria den Aizpea Goenagak Simone de Beauvoir saria jaso du. Goenagak, Maitane Muruzabal ekoizle eta zinema zuzendariarekin, Maria Castejon IPES elkarteko gestorearekin eta Arantzazu Calleja konpositorearekin batera, emakumeak zineman duen partaidetzari buruzko mahai-inguru batean parte hartuko du.
Film emanaldiak urriaren 17an hasiko dira, "Die fremde" (Feo Aladag) Alemaniako lanarekin. Oraindik zinema aretoetako zirkuitura iritsi ez diren "Handsome Harry" (Bette Gordon), "La Yuma" (Florence Jaugey), "Neke Druge Price" (Ivona Juka, Ana Maria Rossi, Ines Tanovic, Marija Dzidzeva eta Hanna Slak) eta "Las buenas hierbas" (María Novaro) lanek osatuko dute programazioa.
Aurten, eta lehen aldiz, film dokumentalak ikusteko aukera egongo da. Genero horretako "Tú serás un hombre" (Agnès Bert), "The Angelmakers" (Astrid Bussik) eta "5.000 feminismos" (Cecilia Barriga) lanak aukeratu dituzte. Gainera, haurrei zuzendutako "Mozart Txinan" filma euskaraz ikusi ahal izango da.
Urriaren 22an, "¿Pudiste verlas" lanaren emanaldi berezia egingo dute. Bertan, "Fish Tank" (Andrea Arnold), "Sunshine Cleaning" (Christine Jefes) eta "Planes para mañana" (Juana Macías) filmak eskainiko dituzte.
Film labur baten emanaldiak eta Xprest!Aux film laburren maratoiak osatuko dute programazioa.
BBK aretoan egingo dituzten emanaldietara joateko sarrerak 3 euro balio ditu. Urriaren 22ko maratoira joateko sarrerak, berriz, 6 eurotan salduko dituzte, eta haurren emanaldia, mahai-ingurua eta film laburraren emanaldia doan izango dira.