Zinema
Kultura eta sorkuntza digitala
Bilbo, ArtFutura jaialdiaren egoitza nagusia
Erredakzioa
Guztira 14 hiritan egingo dute jaialdia. 'Connected' (Tiffany Shlain) eta 'Press, Pause, Play' dokumentalekin batera, Rostoren azken lana aurkeztuko dute (Terry Gilliamek hartu du parte bertan).
-
Rostok 'The Monster of Nix' aurkeztuko du ArtFutura jaialdian. Argazkia: ArtFutura.
Urriaren 21etik aurrera, ArtFutura kultura eta sorkuntza digitala jorratzen dituen jaialdiaren egoitza nagusia izango da Bilboko Alondegia.
'Etorkizuna berraztertzen' izena jarri dioten 22. edizioari, eta azken urtean 'new media' eta kultura digitalaren esparruan nazioarte mailan sortu diren proiektu nagusiak aztertzea izango du helburu jaialdiak.
Bilbo jaialdiaren egoitza nagusia izango da aurten, baina beste 13 hiritan ere egingo dute ArtFutura 2011: Bartzelonan, Bogotan, Buenos Airesen, Gijonen, Madrilen, Murtzian, Palman, Iruñean, Segovian, Tenerifen, Valladoliden, Vigon eta Santiagon (Txile).
Bi dokumental izango dira edizio honetako izarrak: 'Connected' eta 'Press, Pause, Play'. Era berean, 'The Monster of Nix' Rosto artistaren animazio lan berria ere izango da ikusgai. Terry Gilliam eta Tom Waits aktoreek jarri dute ahotsa eta The Residents taldearena da musika.
Tiffany Shlain Webby sarien sortzaileak egin du 'Connected' dokumentala. Teknologia berriek gure bizitzan duten eragina aztertzen du lanak, eta Sundance jaialdian aurkeztu dute aurten. Jatorrizko bertsioan eskainiko dute lana, azpitituluekin, eta zuzendariak bideokonferentzia bat eskainiko du, San Franciscotik.
Musika, arte eta diseinuan euskarri berriek duten eragina aztertzen du 'Press, Pause, Play' lanak, garai digitalak eman dituen sortzaile nagusiei egindako elkarrizketen bidez. Moby, Bill Drummond (KLF), Sean Parker (Napster), Amy Philips (Pitchfork), Anne Hilde Neset (The Wire magazine) eta Christopher Weingarten (Rolling Stone) egileek hartu dute parte dokumentalean.
Gainera, Rosto diseinatzaile, zuzendari eta musikariak 'The Monster of Nix' animazio digitalean jorratu duen azken lana aurkeztuko du jaialdian.
Animazio munduan Europa mailako sortzaile garrantzitsuenetakoa da Rosto.
Hitzaldiak ere izango dira aurten ArtFutura jaialdia. Besteak beste, Wolf Lieser, Edward Shanken, Pau Waelder, Joan Alvares, Charlie Todd eta Rosto bera izango dira mintzaldi dorietako protagonistak.