Itxi

Zinema

Heriotza

Sean Connery aktorea zendu da, 90 urte zituela

Agentziak | Erredakzioa

Jason Connery aktorearen seme bakarrak azaldu duenez, aitak “denbora bat gaizki eman du”, eta gauean hil egin da Nassaun (Bahamak).

  • Sean Connery 2005ean Berlinen, European Film Academyren saria jasotzen.

    Sean Connery 2005ean Berlinen, European Film Academyren saria jasotzen. Argazkia: EFE

Sean Connery Eskoziako aktore ospetsua hil da 90 urte zituela, senideek BBCri gaur jakinarazi diotenez. Besteak beste, James Bonden filmetan egindako lanagatik aski ezaguna zen Connery.

Jason Connery aktorearen seme bakarrak azaldu duenez, aitak “denbora bat gaizki eman du”, eta gauean hil egin da Nassaun (Bahamak). 2011an, bertan, hartu zuen erretiroa. “Nire aita ezagutzen eta maitatzen zuten guztientzat egun tristea da, eta aktore gisa izan zuen dohain zoragarriaz gozatu zuen jende guztiarentzako galera tristea”, adierazi du semeak.

Connery (Edinburgo, 1930) pantaila handiko aurpegirik ezagunenetako bat zen, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan historiako agente sekretu ospetsuenaren papera sei aldiz egin zuenetik.

Horri esker munduko gizon desiratuenetarikoa izan zen garai hartan, baita XX. mendearen bigarren erdiko maskulinotasun ikur handietako bat ere.

70eko hamarkadan, abentura filmeetan presentzia handia izan zuen Conneryk. "The Man Who Would Be King" (1975) pelikulan Michael Caine lagundu zuen esploratzaile moduan, eta "Robin and Marian" (1976) filmean Robin Hood izan zen. Era berean, "The Wind and the Lion" (1975) epopeia orientalistan parte hartu zuen.

"The Untouchables" pelikulan polizia gogor eta beteranoaren papera egin eta bere Oscar bakarra bereganatu zuen 1987an, bigarren mailako aktorerik onena.

Gainera, "Indiana Jones and The Last Crusade" (1989) filmean Harrison Forden aita izan zen, eta "The Hunt for Red October" (1990) pelikulan sobietar urpeko ontziaren kapitaina. Horrela, belaunaldi berrien artean ere ezagun egin zen.

Eskoziako independentziaren alde agertu da beti. Isabel erreginak jaun izendatu zuen zeremonian, Connery Eskoziako gonarekin jantzita agertu zen, bere jatorria aldarrikatzeko.

Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusi abertzalea “atsekabeturik” azaldu da Twitter sare sozialean, “gure herriko semerik kuttunenetako bat” hil delako.

“Legenda globala zen, ezer baino lehen baina, eskoziar abertzale eta harroa. 1999an Eskoziako Parlamentuaren irekieran izan zen, bere herriarenganako maitasuna azalduz. Eskozia independente baten defendatzailea izan zen Sean bere bizitza guztian, eta gauza berdinean sinesten dugunak berarekin zorretan gaude”, adierazi du Sturgeonek.