Itxi

Zinema

Zinema estreinaldiak

'Ori', 'Tentación en Manhattan' eta 'La voz dormida', zinema aretoetan

Erredakzioa

Miguel Ángel Jiménezek zuzendutako lehen filma, Sarah Jessica Parker aktorearen itzulera, eta Inma Cuesta eta María León protagonista dituen lana, asteko apustu berriak.

  • 'Ori', 'Tentación en Manhattan' eta 'La voz dormida', zinema aretoetan

    Benito Zambranoren 'La voz dormida'. Argazkia: 'La voz dormida' webgune ofiziala.

Arabako Kinoskopik ekoiztetxeak bideratutako 'Ori' filma Miguel Ángel Jiménez zuzendariaren debuta da. Donostiako Nazioarteko 57. Zinemaldian erakutsi zuten lan honek Nino gazte georgiarraren, Kaukasoko mendietan bakarrik bizi den Begaren eta horren iloba Tazoren kontakizuna dakar.

Sarah Jessica Parker (‘Sex in New York’), Pierce Brosman eta Christina Hendricks biltzen ditu 'I don´t Know she does it' komediak. Douglas McGrathek zuzendutako lan honetan, Jack Albelhammerren mandatu bat jaso arte erritmo bizian eta euren familiei kasu egin gabe bizi diren Kate Reddyren eta Allisonen bizitzak erakutsiko dizkigu.

Emakumezko Aktore Onenaren Saria irabazi zuen María Leonek Donostiako 59. Nazioarteko Zinemaldian Benito Zambranoren 'La voz dormida' filmean egindako lanagatik. Izen bereko Dulce Chaconen eleberrian oinarrituta dago filma eta Pepitak kartzelan haurdun eta heriotza zigorra gauzatzeko zain dagoen ahizpa Hortensiari egindako bisita kontatzen du.

Beldurrezko generoa 'The thing' lanak ordezkatuko du. Antartikara abiatu diren zientzialari talde batek izoztutako estralurtar bat aurkituko du eta, hori esnatzen denean, hilketak bata bestearen atzetik gertatuko dira.

Sundance jaialdian bi sari jaso zituen 'Another earth' filmak. Bere bizitza berregiteko aukera bakarra aurkitu berri duten planeta batera bidaia egin behar duen Rhodaren bizipenak erakusten dizkigu.

'Margin Call' krisi ekonomikoaren ondorioak erakusten dituen 'thriller' bat da. Besteak beste, Kevin Spacey, Paul Bettany, Jeremy Irons, Zachary Quinto eta Demmy Moore aktore ezagunek parte hartu dute bertan.

'Paranormal Activity 3' Tod Williamsek zuzendu du eta Katie Featherston da protagonista nagusia. Segurtasun kamerek hartutako irudi familiak erabiliz egindako lana da, dokumental formatua duena.