Zinema
Zinema
'Urte berri on, amona!' garaile, Tuterako Opera Prima jaialdian
Erredakzioa
Telmo Esnalek zuzendutako lanak film onenaren saria irabazi du zinema jaialdiaren XII. edizioan.
Telmo Esnalen 'Urte berri on, amona!' filmak irabazi du urriaren 28tik azaroaren 5era egin duten Tuterako Opera Prima zinema jaialdiko sari nagusia.
2011ko edizioan zazpi film lehiatu dira eta 9.000 euroko dirusaria irabazi du Esnalek. Alex de la Iglesia, Miguel Angel Lamata, Eduardo Noriega, Cristina Marcos, Irene Montalá, Mar Coll eta Pilar Rubio izan dira epaimahaiko kideak eta Jonás Truebaren 'Todas las canciones hablan de mí' filmari zuzendaritza onenaren saria eman dio.
Epaimahaiaren sari berezia Elena Trapek, 'Blog' filmagatik, eta Paula Ortizek, 'De tu ventana a la mía' lanagatik, partekatu dute. Azken horrek Tuterako Udaleko Emakume eta Gizarte Gaietako Sailak eskainitako sari berezia ere lortu du. Palmaresa osatzeko, Borja Manoso eta Marcos Cabotá zinemagileen 'Amigos' filmak gazteriaren saria irabazi du.