Itxi

Zinema

Zinemaldia

Xabier Elorriagak Zinebiren Ohorezko Mikeldia jaso du

Erredakzioa

Ostiral honetan ekin diote zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko nazioarteko jaialdiaren 53. edizioari. 73 film arituko dira aurten lehian.

00:50
Xabier Elorriagak Zinebiren Ohorezko Mikeldi saria jaso du

Ostiral honetan ekin diote Zinebi zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko nazioarteko jaialdiaren 53. edizioari. Bilboko Arriaga Antzokian egin duten irekiera ekitaldian, jaialdiaren Ohorezko Mikeldia jaso du Xabier Elorriagak.

40 pelikulatik gora eta hainbat telesail egin ditu aktoreak, eta 80ko hamarkadan 'euskal zinema berria' izenarekin ezagun egin zen aro berriko kide izan zen. 'Segoviako ihesa' (Imanol Uribe, 1981), 'Mikelen heriotza' (Imanol Uribe, 1984), 'La conquista de Albania' (Alfonso Ungría, 1984) eta 'A los cuatro vientos' (José A. Zorrilla, 1987) lanetan protagonista izan zen, eta azken honetan gidoiari lanetan ere aritu zen.  Inaugurazio ekitaldia hasi baino ordu batzuk lehenago egin duten prentsaurrekoan, Elorriagak esan du bere ibilbide profesionalean ''garairik biziena'' izan zela azken hau. "Lehen Eusko Jaurlaritza osatu berria zela Euskadin egiten hasi zen zineman lan egin genuenontzat abentura zoragarria izan zen. Besteak beste Imanol Uribe eta Alfonso Ungria zuzendariekin eta Ramon Barea aktorearekin batera bizi izan nuen pribilegioa izen zen garai hura'', esan du.

Bilbon hasi zuen bere ibilbide artistikoa Elorriagak, Kriselu antzerki taldean. Zinema munduan, berriz, 70eko hamarkadan hasi zen, Antoni Ribas zuzendariaren 'La ciutat cremada' lanarekin. Kritika zein publiko aldetik oso harrera ona izan zuen lanak, eta Zinema Idazleen saria ere eskuratu zuen. Aktoreak prentsaurrekoan aitortu duenez, bere ibilbidean oroitzapenik onenetako da Ribasekin egin zuen lehen lan hori.

Bigarren Ohorezko Mikeldia, Liliana Canavi zuzendariarentzat

Hilaren 18an, aurtengo Zinebi jaialdiako bigarren Ohorezko Mikeldia jasoko du Liliana Canavi zinemagileak. Canaviren zinema inkonformista, eztabaidatua, inolako dogmatismorik gabea, bitxia eta adierazpen intelektualez eta estetikoz betea sarituko dute datorren ostiralean.

73 lan lehian

Azaroaren 11tik 18ra bitartean izango da Zinebi 53, eta, heldu diren 3.000 filmetatik 73 aukeratu dituzte Sail Ofizialean lehiatzeko. Horien artean 11 Euskal Herrikoak dira. Gainera, eta ohikoa denez, hainbat film ikusteko aukera emango dute zinemaldiko sailek. Aipatzekoak dira Luc Moullet zuzendari frantsesari eta Masao Adachi japoniarrari eskainitako zikloak. Era berean, Palestinako zinema iraultzaileak sail berezia izango du, handik kanpo nekez ikusten diren filmak erakusteko.

Jon Garaño eta Haritz Zubillaga, euskal ordezkaritzan

Euskal zinemaren atalean, honako lan hauek aukeratu dira lehiaketarako:
'Muy cerca', Iván Caso (fikzioa).
'Errudun sentitzen naiz', Roberto Castón (fikzioa).
'Por los camareros', Javier Etxaniz eta Gregorio Muro (fikzioa).
'La casa del lago', Galder Gaztelu-Urrutia (fikzioa).
'December', José Muniain (fikzioa).
'Agujero', Roberto San Sebastián (fikzioa).
'Una última bala', Jon Aitz Urrutxi (fikzioa).
'Cuatro estaciones (4)', Niko Vázquez (fikzioa).
'She’s Lost Control', Haritz Zubillaga (fikzioa).
'Urrezko eraztuna', Jon Garaño (dokumentala).
'Zeinek gehiago iraun', Gregorio Muro (animazioa).

10 lan, Estatu mailako ordezkaritzan

Estatuko hautagaietatik, honako film hauek aukeratu dituzte:
'La migala', Jaime Dezcallar (fikzioa).
'Matador on the Road', Alexis Morante (fikzioa).
'Circus', Pablo Remón (fikzioa).
'Dicen', Alaúda Ruiz de Azúa (fikzioa).
'La última secuencia', Arturo Ruiz Serrano (fikzioa).
'Leyenda', Pau Teixidor (fikzioa).
'La mujer del hatillo gris', Luis Trapiello (fikzioa).
'Coptos', Álvaro Sau (dokumentala).
'La cosa en la esquina', Zoe Berriatúa (animazioa).
'Evacuación', Colectivo Los Hijos (animazioa).